San Isidroren bueltan, hiru eguneko festa antolatu dute Zamalbide-Bentak auzoan. Eta hain justu, bihar izango da azkenekoa, Erretiratuen eguna.
Eguerdi partean jarri dute eguneko aurreneko zita. Meza izango dute 12:00etan, eta bukatzean, 13:00etan, bertsolariek jarriko dute giroa: Andoni Egaña, Maialen Akizu eta Xamoa ariko dira bertsotan, eliz atarian. Eta bitartean, salda ere eskainiko dute bertan.
Bazkaria, erretiratuen omenez
Gero, bazkaria ere egingo dute, erretiratuen omenez, musikak eta bertsolariek girotuta.
Arratsaldeko plana, bukatzeko, herri kirolak izango dira. Jaialdia eskainiko dute, 18:00etatik aurrera Perurenan, eta sarrera doakoa izango da.
Emarrik, «43 plaza baietz!»
Jaialdiaren barruan, Emakumeen Giza Proba Txapelketa ere izango da, hiru talderen arteko lehiarekin: Emarri talde astigartarra, Mendaroko neskak, eta Harriti giza proba taldea.
Iaz antolatu zuten aurrenekoz, «eta oso hunkigarria izan zen», nabarmendu dute Emarrikoek: «lan haundia egiten dugu astero, umorea tarteko, harri tiran trebatzeko, eta egun hartan plaza bete jende, hiru emakume talderen alde txaloka ikustea latza izan zen!».
Emarrik berak lortu zuen txapela, eta aurten, egindako marka hobetzera aterako dira: «43 plaza baietz! Eutsi ekipo, segi lanean bai plazan, bai plazatik kanpo ere». Eta deia luzatu diete herritarrei: «hantxe ikusi nahi zaitugu zu ere, plazak zure txalo eta oihuek betetzen dituzte eta!».