«Nesken futbola gerturatzen ari da mutilen futbolera, maila eta estruktura aldetik»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 21a, 02:00

Denboraldi hasieran larri ibili zen CD Hernaniko Ema­ku­mez­koen Euskal Ligako taldea, baina, azkenean, jardunaldi bat soberan ere izan dute, maila mantentzea lortzeko.
Gaurkoan, Realaren kon­tra­ko partiduan gozatzera ate­rako direla diote Andrea Isa­sa jokalariak, eta Ane Ibar­bu­ru, koordinatzaile berriak. 

Emakumezkoen futbolak hazkundea izan duela nabaritu duzue?
Hernanin, batez ere, Jon Zabaleta entrenatzailea sartu zenean nabaritu zen. Orain Añorgan dabil. Estruktura aldetik dezente haunditu zen. Hasieran, kadete eta helduen mailak bakarrik zeuden, eta gaur egun, infantiletako bi talde, kadeteetako bat, lurraldeko bat eta Euskal Ligakoa dauzkagu. Hazkundea nabaritu da jokalari kopuruan, eta mutilen futbola bezala ezagutzen denera gerturatzen ari da neskena ere, maila eta estruktura aldetik.

Esan liteke CD Hernani klubak ere saiakera egin duela, berdintasunaren alde?
Aurreko zuzendaritzak ez zuen beste munduko saiakera berezirik egin, baina gizartean izan duen bultzadarekin, dinamikan sartu ziren. Eta gaur egun, berdintasunaren alde sendoago ari da. Adi­bidez, mutilek ez dute kuota ordain­tzen, eta guk ere hori eskatu genuen. Azkenean, zuzendaritzarekin hitz eginda, eta bestelako faktore ba­tzuei -patrozinatzaileei- es­ker, lortu dugu.

Berdintasunaren aldeko borroka horretan, zaleek ere badute erantzukizunik?
Aldatzen ari da hori ere. Ga­rai batean, mutilen futbola bakarrik ezagutzen zen. Nes­kena hasi zenean, kopuruagatik, maila txikiagoa zuen, eta agian, ez zen oso erakargarria. Baina orain bada. Herri mailan ez da hainbeste nabaritzen, baina pasa den asteburuan, adibidez, derbia izan da Reala eta Atlheticen artean, eta sekulako giroa izan da. Gainera, neskek babesa ematen diogu elkarri. Gure arteko animoa inportantea da.

Zuek zergatik hasi zineten futbolean?
A.Is.: Urnietarra naiz, eta han ha­si nintzen. Talde gutxi dau­de. Gure taldea izan zen lehenengoa, eta gaur egun mantendu egin da. Eskola Kirolean eskubaloia edo futbola izan genituen aukeran, eta futbola aukeratu genuen. Horiek se­gi­tzen dute. Ni Hernanira etorri nin­tzen, eta gustatu egin zi­tzaidan giroa.
A.Ib.: Ni ere Eskola Kirolean ha­si nintzen. Beti izan dut gus­toko kirola, eta etxean ere ha­la zen. Eskolan animatu, eta kadeteetan hasi nintzen. Ge­ro zuzenean helduen taldera pasa nintzen. Orain, zorionez, hori aldatu da; adinaren araberako taldeak badaude.

«Gaur egun, berdintasunaren alde sendoago ari da CD Hernani»

Datorren denboraldian aldaketak izango dituzue: entrenatzailea, koordinatzailea, jokalariak... 
Jokalari gehienek jarraitzeko asmoa daukate, baina ikasketengatik, edo denbora asko da­ra­matelako, helduenek utzi egiten dute, eta taldea gazte ge­ra­tzen ari da. Euskal Ligan le­hen beterano gehiago zegoen, baina orain, kosta egiten da; za­harrenek 23 urte dauzkate. En­trenatzaile berria, berriz, Gor­ka Alvarez izango da. Nes­ken futbolean esperientzia haun­dia dauka. Eta koordina­tzaile, ni (A.Ib.) sartu naute! Plan­­ti­lla osatzeko, datuen zain  gau­de oraindik. Asmoa daukagu infantilen bi taldeak man­ten­­tzeko, ohorezko kadete­e­na... Gero, lu­rralde mailakoa, jubeniletako taldea izatera pasatzea erabaki da, egokiagoa iruditzen zaigulako.

Taldeko helburua finkatu duzue? Aurten maila mantentzea kosta egin da...
Aurreneko buelta gogorra izan da. Bi partidu bakarrik irabazi genituen, eta etorkizuna oso ilun ikusten zen. Talde gaztea gara, eta nabari da esperien­tzia falta. Baina maila aldetik oso kalitate onekoa da. Bi­ga­rren bueltan, berriz, guztiz aldatu zen kontua, eta jardunaldi bat soberan izan genuen salbatzeko! Hurrengo urtean ere, helburu hori izango dugu.

Gaur, Realaren kontra, zer espero duzue?
Maila aldetik, partidu polita izango da, eta kiroltasuna izango da nagusi, lehiarik gabe. Denboraldia bukatzeko, partidu polita! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!