Aniztasunaren bidean, bi zita jarri dituzte aurten, Astigarragan, urtero antolatzen duten astearen barruan. Datorren astelehenean hasi, eta larunbatera bitartean ospatuko dute Kultur Aniztasun Astea, eta momentuz, bi ekintza prestatu dituzte, egun horietarako.
Herriko tabernetan izango da aurrenekoa: argazki erakusketa. Oinarri izango ditu garapen bidean dauden herrietan burutzen diren kooperazio proiektuak; Udalak laguntzen dituen herrietakoak, hain zuzen ere. Hainbat tabernatan jarriko dituzte: Ikatza, Zipotza, Bukoi, Txiki, Ekaitz, Robin...
Janari dastaketa, larunbatean
Beste zita, larunbatean jarri dute, asteari bukaera emateko. Herrialde askotako janaria probatzeko aukera izango da bertan, jatorri desberdinetako herritarrek prestatuta.
Joseba Barandiaran plazan izango da, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara, eta jakiak probatzeaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere izango da bertan.