«Oso lasterketa herrikoia da, pixka bat korrika dabilen edonork egiteko modukoa»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 21a, 02:00

Ereñotzuko mendi lasterketaren 6garren edizioa izango da jokoan ekainaren 5ean. Ia edizio guztietan parte hartutakoa zara zu. Zer du berezia Ereñotzuko mendi lasterketak?
Ni jaio, hazi eta bizi naizen auzoko mendi lasterketa dela kontuan izanda, berezia da bertan korrika egitea. Niretzat kuttunak diren parajeetan ba­rrena egiten da, eta inguruko jen­dearen animoak lagun izaten dituzu. 

Beraz, Ereñotzun izatea motibazio berezia da
Noski. Aipatu bezala oso berezia da etxean korrika egitea. Au­zoko jendeak antolatzen du; auzoko jende askoaren lanari es­ker sortu den mendi las­terketa da.

Ibilbidean izan dira aldaketak azken urteetan. Hasieran Ondditik barrena zen lasterketa; azken hiruetan berriz Urdaburu da tontorrik altuena. Zein nahiago duzu? 
Biak dira politak, baina bietan bat aukeratu beharko banu, Urdaburun barrena dijoana aukeratuko nuke.  Bidetxur gehiago ditu pista gehiago; eta dituen bistak ere, politagoak iruditzen zaizkit. 

Ibilbidearen deskripzio bat egin beharko bazenu, zein da zatirik gustukoena? 
Zatirik gustukoena politenaren ikuspuntutik hartuta, Arrondo menditik hasi eta Igoringo le­po­ra dagoen zatia aukeratuko nu­ke. Gainez gain, bista ede­rrak di­tu; ezkerrera begiratuta: itsa­soa, epelerreka... eskuinera be­gi­r­atuz gero: Usoko erreka, bai­lara, Onddi, Agina, Urdaburu...

Eta zatirik gogorrena?
Zatirik gogorrena hasierakoa iru­­ditzen zait. Ereñotzutik Arron­doko puntara bitartean, aldapa dexentekoa da, komeni da ondo berotuta ateratzea eta ha­siera hori lasai hartzea. Bes­tela, gerta daiteke, bide guztian zehar gorputzari buelta ezin emanik ibiltzea.

Eta non gozatzen duzu gehien?
Urdaburu puntatik Ereñotzura bidean gozatzen dut gehien. Ordurako zatirik gogorrenak eta jaitsiera teknikoagoak pa­sata izaten baitira.

Parte hartzen duzun las­ter­ke­ta guztietan izango duzu hel­bu­ru denbora hobetzea. Aurtengoan zer duzu helburu?
Batez ere ondo gozatzera ate­rako niaz; eta ahal bada, iazko denbora hobetu nahiko nuke.

Aurreneko ereñotzuarra izan al daiteke erronka horietako bat?
Ez, ez! Nahiz eta polita izango litzatekeen hori, auzoan maila haundiko korrikalariak daude.

Ereñotzuar eta hernaniar ugari mugitzen dituen mendi lasterketa da Ereñotzukoa. Gertukoa izatea al da arrakastaren arrazoi nagusia?
Gertukoa da, oso herrikoia. Nire ustez aipatzekoa da, halako auzo txikia izanik, dagoen antolakuntza maila. Modu batera edo bestera, auzotar askok egiten duten lan egun honen bueltan.

Ereñotzukoaz gain, urtean zehar parte hartzen al duzu beste mendi lasterketaren batean? Zein duzu gustukoen?
2012an Urnietako Mendi Las­ter­ketan hartu nuen parte. Aurten ere bertan izango naiz, eta Goi­zuetakoan ere hartuko dut parte. Gustukoena zalantzarik gabe Ere­ñotzukoa da. Eta hau prestatzen hasita, parte hartu izan dut bai­larako edo gertuko beste la­s­ter­keta batzuetan ere. Baina etxekoa beti da berezia.

Azken aldian puri-purian daude mendi lasterketak. Noiz eta nola hasi zinen zu?
Nire lehenengo mendi lasterketa Ereñotzuko lehenengo mendi las­ter­keta izan zen, 2011n. Lasterketa hau zela eta hasi nintzen korrika egitean pentsatzen, betan parte hart­zeak ilusio berezia egiten bai­tzidan. Lehenik ere mendian asko ibilia nintzen arren, korrika or­duan hasi nintzen.

Nahi duenak badu aukera oraindik, Ereñotzuko mendi lasterketan izena emateko. Nola animatuko zenuke jendea?
Esango nieke oso lasterketa he­rrikoia dela eta pixka bat ko­rrika ibiltzen den edonork egin dezakeela. Oso paraje politak iga­rotzen dira, bista ederrekin, eta giro ezin hobea egoten da bai lasterketan zehar, eta baita auzoan ere. Bukaeran, salda be­roa, pintxoak eta opari mor­doa izaten dira partaideentzat; eta nahi duenak auzo el­kartekoekin bazkaltzeko au­kera ere badu! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!