«Biharkoa, Euskal Eskola Publiko berriaren aldeko aldarrikapen eguna izatea nahi dugu. EskolHarria, biharko herria leloarekin, Sortzenen proiektuaren erakuslehio bihurtu nahi dugu Hernani», aurreratu dute antolatzaileek.
Eta horretarako, festa prestatu dute herrian, lau gunetan hainbat ekintza antolatuz: Gudarien Plazan, Plaza Berrin, Atsegindegin eta Tilosetan.
Plazan egingo dute irekiera ekitaldia 11:00etan, Axeri Dantzarekin eta Sortzenen ongietorriarekin; eta 14:00etan egingo dute agurra, bertsotan, toki berean.
«Sortzenek erronka potoloa dauka aurrean»
Festaren antolaketan aritu dira lau eskola, bereziki: Hernaniko Langile ikastola, Astigarragako Herri Eskola, eta Donostiako Aitor eta Arantzazuko Ama ikastolak. «Festatik harago, uste dugu Sortzenen 25garren urteurrena aukera polita dela, izan behar duenaren hausnarketa egiteko», dio Urkok, Langileko gurasoen izenean: «Asko aldatu da hezkuntza errealitatea, eta Sortzenek erronka potoloa dauka aurrean. Nolanahi ere, gure ikastolaren ikurretako bat partehartzea da, eta herritarrak gonbidatu nahi ditugu, biharko festan parte hartzera».
«Argi daukagu, horrelako eskola nahi dugula gure seme-alabentzat»
Herri Eskolako Nekanek, bere aldetik, onartzen du ez zutela ondo ezagutzen Sortzenen proiektua: «baina elkarteak proposatzen duen eskola ereduaren ezaugarriak eta eredu pedagogikoaren oinarriak ezagutu genituenean, argi geratu zitzaigun horrelako eskola nahi genuela gure seme-alabentzat», nabarmendu du.
Eta gaineratu du: «lan haundia daukagu egiteko oraindik. Barne hausnarketa prozesu batean murgildu gara aurten, eta ea denon artean, elkarlanean, nahi eta behar dugun euskal eskola horren bidean urrats erabakigarriak ematen ditugun».
«Festa desberdina izango da; bihar hezkuntza proiektuak aterako ditugu kalera»
Sabinok, Aitor ikastolako gurasoak, uste du festa hau «oso desberdina» izango dela: «bihar, hezkuntza proiektuak aterako ditugu kalera. Gure helburua da, jendeak proiektuarekin atxikimendu haundiagoa lortzea. Gure proiektua zer den erakutsi nahi dugu, eta dei egiten diegu herritarrei zein hezkuntza komunitate guztiari, parte hartzeko. Denon artean eraiki dezagun biharko herria».
Bertaratzen direnek, zuzenean ezagutuko dituzte euskal curriculuma, ikasle euskaldun eleaniztunak, ebaluazio sistema eta hezkidetza gaien inguruko proiektuak.
ESKOLHARRIA festa, bihar Hernanin (lau gune izango dira)
ESKOLHARRIA (Gudarien Plazan)
Euskal Curriculumaren gunea
10:30, Gunearen irekiera.
11:00-12:00, Herri Curriculumak sortzen tailer praktikoa, udaletxeko pleno aretoan. Orioko curriculuma ezagutzeko aukera.
12:00-13:00, Hernani ezagutzen, herriari bira Udalak antolatuta.
12:30-14:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak.
11:00etatik 14:00etara:
-Informazio txokoa: egunari buruzko informazioa.
-Erakusleihoa: egin diren Curriculum proiektuen erakusketa.
-Azoka: materiala eskuragarri.
-Sortzen denda: kamixetak salgai.
GILTZHARRIA (Plaza Berrin)
Ikasle euskaldun eleaniztunak
11:00, Gunearen irekiera.
11:00-12:00, Hizkuntza proiektuak sortzen tailer praktikoa. Ikasle euskaldun eleaniztunen proiektua ezagutzeko aukera.
12:00-12:30, Antzerki ikuskizuna.
11:00etatik 14:00etara:
-Erakusleihoa: hizkuntza proiektuen inguruko informazioa eta erakusketa. Hamarratz proiektua.
-Azoka: materiala eskuragarri, eta Nafarroako zonalde diskriminatuko informazioa.
-Sortzen denda: kamixetak salgai.
GAZTEHARRIA (Atsegindegin)
Gazteen gunea
Hernaniko eta Astigarragako Gazte Asanbladek antolatutako ekintzak.
11:00, Gunearen irekiera.
11:00-12:00, Ebaluazio sistema. Azterketa eta ekarpenak.
12:00-13:30, Gazte txokoa, 10 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat.
11:00etatik 14:00etara:
-Erakusleihoa: Urumea bailarako
gazteria. Gazte Olinpiadak eta urteko ekimenak.
-Azoka: materiala eskuragarri. Laiotzen eskolHarria diskoa.
-Sortzen denda: kamixetak salgai.
HARRIKOXKORRAK (Tilosetan)
Hezkidetza eta haurren gunea
11:00, Gunearen irekiera.
11:00-14:00, Irrien lagunen puzgarriak.
11:30-12:00, Ipuin kontaketa, Dobera Euskara Elkartearen eskutik.
11:30etatik aurrera, Harituz elkartearekin eskulanak egiteko aukera.
12:00-13:00, Euskararen taupadak, Irrien lagunek antolatuta.
11:00etatik 14:00etara:
-Erakusleihoa: Hezkidetza proiektuen erakusketa.
-Azoka: materiala eskuragarri.
-Tonbola: saria boleto baten truke.
-Sortzen denda: kamixetak salgai.