«Ez da robota egitea bakarrik; esperientzia irabazi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 21a, 02:00

Zazpi urte dira Donostiako Axular Lizeoko Overclock taldea lanean hasi zela; 13 eta 16 urte bitarteko 10 gaztek osatzen du, eta ikasturte honetan, bertako partaide izan dira Ekain No­gei­ra eta Paul Lopez hernaniarrak. Lanean gogor saiatuta, Tenerifen egin den Euro­pako First Le­go League txapelketan bigarren saria lortu dute, berrikuntzan eta estrategian.

Laranja azalak, plantilletan
First Lego League txapelketan urtero erronka bat jartzen da; aurtengoa, birziklatzea.
«Ikertzen hasi ginen, eta ikusi genuen laranjaren pro­pie­tateak oso onak zirela garbitzeko; botere abrasiboa dute, eta usain ona. Gainera, fruta erabiliena da, eta 2-3 urtetan de­gra­datzen da. Beraz, laranja birziklatzea erabaki genuen, bi mo­dutan: jaboi moduko bat eginda, eta oinetarako plantillak eginda», azaldu dute No­geirak eta Lopezek.
Jaboi modukoa egiteko, la­ran­ja azal lehorrak sartu dituzte jaboian, eta horrela, garbitu egiten duen espartzu modukoa sor­tu dute. Oinetako plantillak egiteko, berriz, 3D inprimagailua erabili du­te. «Laranja azalarekin sortutako plastikoak propietate desberdinak dauzka, eta ezin da ohiko 3D inprimagailua erabili, baina aurkitu dugu egokia».

Robota, birziklatzearekin lotutako misioak egiteko
Baina txapelketak lau zati ditu: proiektu zientifiko bat egitea (laranjena); robota egitea, proiektu teknikoa egitea (robota nolakoa den azaltzea) eta balore proiektua egitea (nola egin duten lan azaltzea).
«Parte-hartzaile guztiok ma­hai berdina genuen, birziklatzearekin lotutako misioak zituena, eta gure robotak ho­riek egin behar zituen. Denbora aurrezteko, misio bakoitzerako robotari beso bat aldatu beharrean, fenwich osoa aldatu genion».

Egindako lanaren ordaina
Talde honetan parte hartzea eskolaz kanpoko jarduera da, eta lan asko egin behar izan dute. «Larunbatetan, jai egunetan... lan asko egin dugu! Baina merezi du!», dio Nogeirak. Lopez ere ados dago: «Ez da robota egitea bakarrik; esperientzia asko irabazi dugu. Beste herrialdeetako jendea ezagutu, aurkezpenak jendaurrean egin... Jarrai­tze­ko gogoa badaukagu!».
Pena bakarra daukate: Es­ta­tu Batuetako St. Louisen ospa­tu­tako World Festivalera joan ez izana. Izan ere, sailkatzea lortu zuten, baina ez, nahikoa dirulaguntza. «Ea hurrengoan!». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!