Bihar egingo du debuta Astigarragak, Herriarteko Txapelketan. Eta estreinakoan, Andoain izango du kontrario. Bertan jokatuko dituzte joaneko partiduak, Andoaingo Arrate frontoian, iluntzeko 20:30etan hasita.
Astigarragaren aldetik, Urdangarin eta Olarra ariko dira kadete mailan, Oiarbide eta Exposito jubeniletan, eta azkenik, Loidi eta Santxez nagusietan.
Gurutzealdek, hiru zita garrantzitsu trinketean
Oier Gurutzealdek, bere aldetik, hiru partidu jokatuko ditu trinketean, gaurtik igandera. Hiru zita garrantzitsu izango dira, gainera. Gaur, Euskadiko Txapelketan ariko da, eskuz banaka, 19:00etan Abadiñon. Kurene taldeko Inhar Ugarte izango du kontrario.
Bihar, berriz, Espainiako Opena izango du jokoan, 19:00etan Iruñan, Eneko Maizen (Behar Zana) kontra. Eta igandean jokatuko du berriro Openean, kasu honetan binaka, Alvaro Garatea lagun. 10:30etan jokatuko dute Iruñan, Zabalza eta Arbizuren kontra.