Bere haserrea erakutsi du Astigarragako EH Bilduk, A3 autobusaren inguruan Aldundiko Mugikortasun zuzendariak eta EAJk izandako jarrerarekin: «sinestezina eta onartezina da, bileran izan zuten jarrera», kritikatu dute.
Aurreko astean bildu ziren, Mugikortasun zuzendaria, A3 Orain! taldeko herritar bat, Alkatea eta bere idazkaria, eta EH Bilduko ordezkari bat, «A3aren alde daukagun konpromiso sendoari jarraituz».
«Aldundiko zuzendariak mespretxatu egin zituen astigartarron 1.700 firma»
Zuzendariak bileran izandako jarrera salatu du EH Bilduk: «astigartarron 1.700 sinadura mespretxatu zituen, A3 Orain! taldeko herritarra eta EH Bilduko ordezkaria gutxietsi zituen bezala. Sinestezina da arduradun publikoaren harropuzkeria, errespetu falta eta lotsagabekeria».
«Lotsatzekoa, arduragabea eta inprobisazioz eta gezurrez josia da Udalak egindakoa».
EH Bilduk, proposamen eta alternatiba desberdinak jarri zituen mahai gainean, «baina aztertzeko gogo apurrik ez zuen azaldu, astigartarron ordezkari diren EAJko kideen artean inolako erreakziorik sorrarazi gabe. Beste herrietako herritarrak kaltetu baino, astigartarrak kaltetzea nahiago zuela onartzera iritsi zen zuzendaria, erabateko lasaitasunez; eta EAJ ixil-ixilik».
Horrela, EH Bilduk ohartarazi du, «legealdi honetan astigartarrok ez dugula bidailagun izango Mugikortasun Saila. Hauxe da urtebetean EAJ eta PSE-EEren sailaren balantzea: A3 linea kendu, Zarkumendegiko bidegorrian trabak asmatu eta pilatu, eta Garraio Hiria ez baztertu».
«Alkateak ez zuen esfortzu txikiena egin, astigartarron interesak babesteko»
Modu berean, salatu du Alkatearen eta EAJko zinegotziaren «ixiltasun konplizea. Iraingarria izan zen haien jarrera. Bilera osoan ez zuten ia hitz bat bera ere esan, eta ez zuten esfortzu txikiena ere egin astigartarron interesak babesteko. Horretarako ez badaude, zertarako dauzkagu Alkatea eta Udal Gobernua?».
Lortu ziren konpromisoak, «exkaxak» izan ziren EH Bildurentzat: «Hernanin transbordoa hobetzeko aukera, eta sagardo garaiko eta egun berezietako masifikazioak arintzeko aukerak aztertzeko konpromisoa bakarrik onartu zituen zuzendariak».
EH Bilduk kritikatu du, Udala «korrika» atera dela «soluzio hauek bereak balira bezala. Lotsatzekoa, arduragabea eta inprobisazioz eta gezurrez josia da egin dutena».
Horren aurrean, EH Bilduk adierazi du lanean jarraituko duela «zerbitzu hori berreskuratzeko, oztopoak oztopo. EAJ eta PSE-EEren murrizketen aurrean, proposamen positibo, egingarri eta bideragarriak aurkezten jarraituko dugu».