Logo berria izango du Astigartek, larunbatetik aurrera. Pintura erakusketa aprobetxatuz, bertan aukeratuko dute irudi berria, aurkeztu diren proposamenen artean. Eguerdiko 13:00ak aldera izango da hori, Joseba Barandiaran plazan.
Izan ere, elkarteko pintura ikasleak egongo dira plazan, margotzen, eta ikasturtean zehar egindako lanak ere jarriko dituzte ikusgai. Goizeko 10:30etatik aurrera egongo dira, eta haurrentzat, arte-txoko irekia ere antolatuko dute, eguerdiko 13:00ak arte. Ordu horretan jakinaraziko du Astigartek, zein den logo berria aukeratzeko lehiaketaren irabazlea.
Proposamenak aurkezteko aukera, oraindik zabalik
Lehiaketan parte hartu nahi duenak, aukera dauka oraindik, eta azken momentura arte egongo da epea zabalik, gainera. Azken lanak, egunean bertan onartuko dira, goizeko 09:00etatik 12:00etara, kultur etxean. Gehienez ere, DIN A4 tamainakoak izan beharko dira lanak.
Irabazleak, saria ere jasoko du: datorren ikasturteko pintura ikastaroan, doan izango du aurreneko hiruhilekoa, eta materiala oparituko zaio.