Bi hilabeteko epean jarri nahi du Udalak martxan, hondakinen bilketarako sistema berria; Santio jaiak hasterako, prest eduki nahi ditu edukiontziak, Udal Gobernu Taldeak: «gure asmoa da, lehenbailehen egotea martxan, gaikako jasotze sistema berria», azaldu dute.
Horregatik, atez ateko sistematik edukiontzietara aldaketa egiteko lanetan dabil, «astigartarrontzat ahalik eta azkarren eta erosoen gerta dadin. Harremanetan jarri dira udal arduradunak, edukiontzi bidezko sistemaren alde egin duten zenbait udalerrirekin. Aldaketa prozesuak izan ditzakeen zailtasunak ezagutzeaz gain, aukera eta abantailak ikusi nahi ditugu; hain zuzen ere, Astigarragan ezarriko den jasotze sistema ondo finkatzeko», jakinarazi dute.
Erabaki gabe, jasotze lanak zein enpresak egingo dituen
Oraindik erabaki ez dutena da, zein enpresak egingo dituen hondakinak jasotzeko lanak: «Garbitaniak erabat alboratuta izan du edukiontzi bidezko bilketa, eta hala adierazi zuen iaz, Udal Gobernuko kideekin egin zuen bileran. Baina galdeketaren emaitza ikusita, Astigarragan hondakinak jasotzen jarraitu nahi duela jakinarazi dio gobernu jeltzaleari, eta Udalari aurrekontua aurkeztuko diola adierazi du», aurreratu du Gobernu Taldeak.
Uztailaren bukaera aldera jarri nahi dute martxan sistema berria, eta ekainean zehar, bilerak egingo dituzte herritarrekin.
Orain arte, Garbitania enpresa publikoa arduratu da hondakin bilketaz Astigarragan, «Bilduk berak bakarrik eta gehiengo absolutua baliatuz horrela erabakita», kritikatu du Gobernu Taldeak: «Astigarragako Udalak 121.000 euro ordaindu zituen Garbitaniako kide egiteko; 99.000 euro balioen akzioak erosteko, eta beste 22.000 beranduago, 2014an egindako kapital birbanaketa medio. Hala eta guztiz ere, Udal Gobernu Taldeak aztertu egingo du Garbitaniaren proposamena». Edozein kasutan, irizpide ekonomikoak bakarrik ez, epeak ere hartuko dira kontutan.
Ekainean zehar, bilera partehartzaileak auzoka
Bestalde, Udalak aurreratu du, bilera partehartzaileak deituko dituela auzoka, ekainean zehar, sistema berria martxan jarri aurretik: «alde batetik, astigartarrek bertatik bertara ezagutu dezaten, zein izango den edukiontzien kokapena; eta bestetik, Udalak jaso nahi dituelako, sistema aldaketa hobetzen lagungarri izango diren ideia eta proposamenak».