Hirugarren urtea da Hernani Erabaki parte-hartze prozesua martxan jartzen dela. Aurten ere, herritarrek erabaki ahal izango dute zertan gastatu datorren urteko aurrekontuko 500.000 euro.
Horretarako, prozesua lau fasetan banatu dute, eta gaur hasiko da aurrenekoa: proposamenak egiteko epea irekiko da, ekainaren 5era arte.
Hiru bide, proposamenak egiteko
Aurtengo edizioan erraztasun gehiago jarri nahi izan dizkiete herritarrei proposamenak egiteko; horrela, hiru bide erabili ahal izango dituzte.
Batetik, interneten egin ahal izango dira proposamenak, www.hernani.eus webgunean. Bertan, gainera, prozesu osoaren jarraipena egiteko aukera izango da.
Bestetik, aurreko urteetan ez bezala, aurtengoan auzoz auzo bilerak egingo dira aurreneko fase honetan ere, proposamenak jasotzeko.
Azkenik, berriro ere buzoiak erabili ahal izango dira proposamenak egiteko, eta aurten, gainera, ohiko lekuetan ez ezik, auzoetan ere jarriko dira. Dagoeneko etxeetan banatu dituzte proposamenak egiteko erabili daitezkeen esku-orriak.
Jarraipena, udaratik bueltan
Proposamenak egiteko epea ekainaren 5ean bukatuko da eta irailera arte balorazioak egindgo dituzte teknikariek. Udaratik bueltatzean hasiko da hirugarren fasea; proposamenak lehenesten hastekoa. Bozkatzeko aukera, berriz, urritik aurrera izango da.