Sorgin baten burua da aurtengo San Joan jaietako karteleko irudi nagusia, eta aurpegia osatzeko, udaletxea, sua eta ilargi betea ageri dira.
Oskarbi Sein Berebide, 33 urteko hernaniarra gustora geratu da emaitzarekin. «Ez nekien lehiaketan parte hartu ala ez. Gero, sorginaren irudia etorri zitzaidan burura, eta pentsatzen hasi nintzen. Buruan neukanetik bukaerara asko aldatu da; forma, entsegua eta errorea, eta berriro hastera. Baina uste dut ondo geratu dela».
Teknika nahasketa
Kartela osatzeko teknika asko nahastu ditu Seinek: eskuz egindako marrazkiak, irudi collagea, ordenagailuarekin egindako marrazkiak... «Sorginaren txapela lortzeko, berriz, eskuz egin nuen eskulturatxo modukoa».
Irudia osatzeko, betikotik tira duela azaldu du. «Uste dut ez dela asko arriskatzen. Beti sinbolismoak berdina erbailtzen da. Azkenean, hartzen dituzu sinbolo printzipalak: sua, sorgina, udaletxea».
Bigarren saria
Aurtengo San Joan jaietako kartel lehiaketa ez da Oskarbi Seinek irabazi duen aurrenekoa. 2001eko Inauterietako kartela ere berea izan zen. Hala ere, ez zaio erraza egiten gomendioak ematea. «Ez nago gomendioak emateko. Nik ere ez dakit zer baloratzen duten. Egia da azken 2-3 urtetan bazirudiela photoshop tutorial batekin ari zirela... Baina horrekin ez dut ezer esan nahi! Ez dakit zein kriterio erabiltzen diren. Agian, nik ere besteen lanak ikusita, beste bat aukeratuko nuke objektiboki!».
Bestalde, herritarren alde egiten du. «Edozeinek egin dezake kartela. Ez goaz ez dakit zer ordezkatzera; egun batzuetarako irudi bat da, herrikoa, eta uste dut herriko norbaitena izan behar lukeela».
Festara gerturatzen
Seinek onartzen du ez dela oso San Juan zalea: «jende multzo haundietan ez naiz ibiltzen. Inauterietan gehiago, akaso. Baina lehengo urtean gehiago atera nintzen». Sorginkeriak harrapatuko ote du!