«Tiketak salgai jarri, eta ordubetean bukatu ziren», azaldu dute antolatzaileek, gaurko paella jateari buruz. 500 lagunentzako tokia egin badute frontoian, aulkirik ez da hutsik geratuko. Eta bazkalorduan bezala, egun osoan zehar ere jendetza bilduko da Florida-Etxeberri auzoan, gaur eta bihar, Mendekoste Jaien bueltan.
Gaurkoa, txapelketen eguna
Urteko aurreneko auzo jaietan, ez dira faltako betiko ekintzak, eta horiekin emango diote hasiera, gaurko egun potoloari. Horrela, marrazki lehiaketan hartuko dute parte txikienek, goizeko 10:30etan hasita, beraien marrazkiak egiten.
Eta dena marraztea ez delako, jolasak ere izango dituzte, goizean zehar.
Baina ez dira haurrak izango, goizeko protagonista bakarrak. Patata tortilla txapelketa ere egingo dute, eta bakoitzak bere etxean prestatuta, eguerdi parterako entregatu beharko dituzte tortillak.
Aurreko urtean bezala, bingo herrikoia izango da bihar arratsaldean; gaur gaueko DJak girotuko du bingoa.
Gero, 12:30etan, nerbioak airean egongo dira haur eta heldu, orduan jakinaraziko baitute, zein diren bi lehiaketen irabazleak. Eta paella jatearen ondoren ere, beste txapelketa bat jokatuko da: mus txapelketa, Etxeberriko Lagun Arteak antolatuta.
Marsel Magoa, frontoian
Magia ikuskizuna ere izango da arratsaldean, Etxeberriko frontoian, behin txokolatea meriendatuta. Eta iluntzetik gauerdira, DJ batek jarriko du giroa auzoan, disko festarekin.
Haurren danborrada, bihar
Atzo atera bazen helduen danborrada, bihar hartuko du txanda haurrenak, 11:00etan. Ondoren, sagardo dastaketa izango da, eta dantzaldia ere bai, bazkalostean.
Eta aurreko urteko esperientzia ona ikusita, errepikatu egingo dute bingo herrikoia, arratsalde partean: «jende askok hartu zuen parte, lehengo urtean. Bestela, igande arratsaldea oso hutsa geratzen zen, eta bingoa antolatu genuen. Horrekin eta musikarekin, arratsalde pasa polita izango da. Izan ere, larunbat gaueko DJ berdina, bingoa girotzen egongo da». Bingoan bakarrik ez, errifaren zozketan ere izango da irabazteko aukera, jaien azken trakaren aurretik.
MENDEKOSTE JAIAK FLORIDA-ETXEBERRI AUZOAN
GAUR
10:30, Marrazki lehiaketa.
11:00, Haurrentzako jolasak.
12:30, Marrazki lehiaketaren sari banaketa.
12:30, Patata tortilla lehiaketa.
14:30, Paella jate herrikoia pelotalekuan.
15:30, Mus txapelketa.
17:00, Haurrentzako jolasak.
18:00, Haurrentzako txokolate-jana
19:00, Marsel Magoaren ekitaldia pelotalekuan.
20:30-00:30, Disko festa.
BIHAR
11:00, Meza nagusia hildakoen omenez.
11:00, Haurren danborrada.
12:30, Sagardo dastaketa txarangarekin batera.
15:00, Carroza dantzaldia.
17:00, Bingo herrikoia, DJ baten musikak girotuta. Atsedenaldian, lehiaketa ezberdinetako sarien banaketa egingo dute.
18:00, Errifaren zozketa
19:00, Jaien amaiera eta azken traka.
*Antolatzaileen oharra: Jarduera horietara inguratzen zaretenoi, eskatzen dizuegu arretaz hartzeko jaien antolatzaileek esandakoak. Jai Batzordeak ez ditu bere gain hartuko, jai egunetan gerta daitezkeen ustekabe eta ezbeharrak.