«Eskuz egin genituen aurreneko danbor eta barril haiek», gogoratzen du Alejandro Sanchezek, Etxeberriko helduen danborradaren zuzendariak. Erosteko dirurik ez, eta artisau lanetan aritu ziren auzotarrak, aurreneko danbor hotsak zabaltzeko auzoan.
1979an atera ziren lehenengoz, eta haurrena izan zen estreinakoa. Hutsik ez du egin, gainera, gaur arte: 38garrenez aterako dira bihar.
Helduen danborrada, urtebete beranduago
Urtebete beranduago egin zuen debuta helduen danborradak, 1980an: «jende gaztea ginen, eta auzoko festak sortzean, ideia ona iruditu zitzaigun danborrada ateratzea».
2001etik 2015era izan zuen etenaldia helduen danborradak, auzoko festen hutsunearekin. 2014ean berreskuratu zituzten Mendekoste Jaiak, eta urtebetera, berriro entzun ziren helduen danbor hotsak auzoan.
«Jendeari betidanik gustatu zaio asko danborrada»
Helduen artean, badira hainbat, aurreneko danborrada hartan atera zirenak, eta urteroko zitara agertu direnak, hutsik egin gabe, baita berreskuratu ondoren ere: «ni bezala, Jesus Rodriguez, Miguel Aristregi eta Nicolas Jurado atera dira hasieratik, helduen danborradan».
Beste hainbat, berriz, haurren danborradan hasi ziren, eta helduenean ari dira orain: «belaunaldiz belaunaldi pasatzen da; nire seme-alabak eta iloba, esaterako, danborradan ateratzen dira orain. Jendeari betidanik gustatu zaio asko, eta auzoan oso barneratua dago danborrada. Oso berezia da ikustea, haurrek ze pozik bukatzen duten».
Etxeberriko martxa, danborradaren ikurra
Omenaldia jaso zuen danborradak atzo, jaien hasierako txupinazoa botata: «ilusio haundia egin digu. Omenaldi bat izan da, bereziki oraindik ateratzen diren adinekoei. 70 urtetik gora izan arren, berriro atera ziren, danborrada berreskuratu zenean», dio Sanchezek. «Haurrek erakusten duten aprezioa ere», saria da beteranoenentzat.
Eta txupinazoaren ondoren, helduen danborrada atera zen gauean, soziedadetik. Eta beti bezala, Etxeberriko martxarekin hasi eta bukatu zuten: «Incansables txarangako Tatek konposatu zigun, 90eko hamarkadan, eta ordutik, danborradaren ikurra da».