«Oinarri komunak ezar­tzen lagundu beharko lukete komunikabideek, mar­ko partekatua eraikitzen»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 14a, 02:00

Hitzaldia eskainiko duzu gaur Astigarragan, Elkarbizik antolatuta, Komunikazioa eta elkarbizitza. Zein mailatan babesten dute medioek eraiki nahi dugun elkarbizitza? izenburupean. Galdera horrek ba al du erantzunik?
Erantzun bakarra baino gehiago, galdera horrek hainbat eran­tzun dituela esango nuke. Baina garrantzitsuena galdera bera egitea eta elkarrekin erantzuten saiatzea da. Komu­nikabideek gizartean duten eginkizuna arduraz betez, elkarbizitzaren alde zer egiten duten eta zer egin dezaketen aztertu beharra dago. Ez dugu ahaztu behar, hedabideak erre­a­litatearen ispilu ezezik, errealitatearen sortzaile ere badirela. Eta hori kontuan hartuz, erantzukizun haundia dute gizarte bateko kideen arteko elkarbizitza eraikitzen laguntzen, edo gutxienez elkarbizitzarako beharrezkoa den giroan laguntzen. Men­debaldeko demokrazia guztietan bezala, hemen ere, bizi-proiektu eta bizi-ikuskera ez­berdinak dituzten giza-taldeen arteko oinarri komunak ezar­tzen lagundu beharko lukete komunikabideek, mar­ko partekatua eraikitzen. Bistan da gure herri honetan ere, hedabideak jokalari garran­tzitsuak eta ezinbesteko eragileak direla, eta beraz, elkarbizitza sustatzeko hausnarketa, eztabaida, lan eta ekintzetan ere zeresana badutela. Eta noski! Gizartearen gehiengoak me­dio­ek elkarbizitza babestea ontzat ematen ba­dugu, norabide horretan bi­de­ratu beharko dugu elkarlana.

ETAk ekintza armatua utzi zuenetik, egoera aldatu dela esango zenuke?
Dudarik gabe, egoera aldatu da. Euskal Herriko errealitatea aldatu den heinean, komunikabideek erakusten eta sortzen duten errealitatea ere aldatu da. Gure azterketetan argi ikus­ten da, ETAk indarkeria erabiltzen zuen bitartean, ko­mu­nikabideetan gatazkari lo­tu­tako diskurtsoetan, bake eza, indarkeria, terrorismoa eta abar nagusi zirela. Geroztik, hedabideetan ager­tzen diren mezuen lehen lerrora pasatzen joan dira elkarbizitza, memoria, adiskidetzea eta antzeko kontzeptuak. Logikoa izanik ere, hau garrantzitsua da elkarbizitza eta geroa lantzeko beharrezko dugun giroa sor­tzeko.

«Oso erraza litzateke komunikabideek elkarbizitzaren alde ez dutela egiten esatea eta fokoa beti gatazkan eta morboan jartzen dutela esatea».

Kazetari batzuek esan izan dute, euskal gatazkaren aurrean, Espainiako medioak arrotzagoak izan direla. Euskal komunikabideek elkarbizitzaren alde maila haundiagoan egin al dute?
Gure azterketa batez ere hemengo hedabideetan zentratu denez, ezin dut halakorik ziurtasunez baieztatu. Baina argi dago hemengo hedabideen eta Espainiako medio gehienen artean euskal gatazka erakusteko moduetan ez­berdintasunak argiak izan direla eta direla, eta ezberdintasun horien jatorria ez dagoela kazetaritza irizpide profesionaletan bakarrik. Bestelako interes batzuk ere izan dira hori horrela gerta zedin. Ziu­rrenik gatazkaren benetako konplexutasuna modu zabalagoan erakutsi dute hemengo hedabideek Espainiakoek baino. Elkarbizitza lantzeko ere gehiago egin dutela esango nuke sentsazioetan oinarrituz; baina ez dut datu eta ebiden­tziarik, hori baieztatzeko edo ezeztatzeko.

Nola egin dezake kazetariak edota interes desberdinak dituen komunikabideak elkarbizitzaren alde?
Kazetariek lana profesionaltasunez eginez eta komunikabideek berezko duten funtzio eta erantzukizun sozial-publikoari dagokion arduraz erantzunez. Kazetari eta komunikabideei ezin zaie eskatu ez dagokienik, baizik eta dagokiena ondo eta zintzo egiteko. Oso erraza litzateke komunikabideek elkarbizitzaren alde ez dutela egiten esatea eta fokoa beti gatazkan eta morboan jartzen dutela esatea; baina ez da hori egia orokortua (nahiz eta kasu ba­tzuetan nabarmen hala izan). Kazetari eta komunikabideei, gizarteko gainontzeko herritar eta eragileek egin beharrekoa eskatu behar zaie: autokritika egiteko haiek egindako lanaz eta egiten dutenaz, arduraz bakoitzari dagokiona egiteko dagokion mailan eta etikaz jokatzeko denon elkarbizitza hobea izan dadin. Horren sinple eta erraza, eta horren zaila eta konplexua da eskatu diezaiekeguna.

Ze paper dauka guzti honetan adierazpen askatasunak? Adierazpen askatasunaren izenean, dena da zilegi?
Garbi dago ezetz. Adierazpen as­katasuna ez da beste guztiaren gainetik jar daitekeen ongi absolutua. Adierazpen askatasuna edozein demokraziatan ezin­­­­besteko elementua da, baina ez da ziurrenik gizarte jus­­tu, aske eta arduratsu batek izan behar dituen beste ezau­ga­rri eta oinarri batzuk baino garrantzitsuagoa. Seguruenik, adierazpen askatasunak duen etsai haundiena da, adierazpen askatasuna bera balio mugiezintzat eta absolututzat uler­tze­a.

Elkarbizitzaren alde egiteak adierazpen askatasunari mugak jartzea esan nahi du?
Ez da filosofia nire arloa, baina mugarik gabeko askatasunik ba al dago ba? Adierazpen askatasuna guretzat garran­tzitsua bada, eta elkarbizitza ere guretzat garrantzitsua bada, eta momentu batean bien artean tentsioren bat sortzen bada, nola jokatu behar dugu? Zer da garrantzi­tsuagoa: elkarbizitza edo adierazpen askatasuna? Nire ustez, adierazpen askatasunak ez du zentzu haundirik elkarbizitza txarra bada. Nahi duguna esan, baina albokoarekin ezin ongi bizi? Zertarako balio du orduan nahi duguna esateak? Ba ote legoke giza erlaziorik bakoitzak uneoro nahi duen dena esango balu? Badirudi giza harremanetan ezinbestekoa dela batzuetan, elkarrekin bizi ahal izateko, gauza batzuk momentu batzuetan ez adieraztea modu batzuetan. Hori gizarte mailara ezin daiteke eraman? Muga batzuk jartzeak adierazpen askatasuna ahuldu ez, baizik eta indartu egin dezake.

Frantziako Charlie  Hebdo aldizkariak jasandako erasoaren aurrean, Je suis Charlie leloa aldarrikatu zenean, zenbait hotsek eztabaida hori jarri zuten mahai gainean: elkarbizitza ala adierazpen askatasuna? Biak uztartu daitezke?
Normalean galderak sinplifikatzen direnean eta eztabaidak dikotomietara eraman, errealitatetik urruntzen gara. Eta hori bai ahalbidetzen dute eztabaida mediatikoek edo komunikabideek haietan agertzen diren eztabaidetan. Berez, ez nuke esango adierazpen askatasuna eta elkarbizi­tza elkarren kontra daudenik. Baizik eta, batzuetan, gerta daitekeela bien artean ten­tsioak sortzea. Horrelakoetan garrantzitsua da tentsio horiek nola baretu eta korapiloak nola askatu daitezkeen bila­tzea. Eta horretarako ezinbestekoa da eztabaidak osotasunean eta konplexutasunean planteatzea eta irtenbideak irizpide etikoz lantzea. Adie­raz­pen askatasuna eta elkarbizitza uztartu daitezke eta uztartu behar dira. Ez dut uste posible denik elkarbizitza sano eta egokirik, adierazpen askatasunik gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!