Dragoiak sua piztu bai, baina jai giroa itzaltzea majo kosta zitzaien Txino auzoan, aurreko asteburuan. Ostiralean hasi eta larunbatean bukatu, ederki pasa zuten, auzoan egon ziren guztiek.
Juan Miel Apezetxea eta Alvaro Legarreta, musean
Julio Soto eta Aitor Mendiluzeren bertsoekin ekin zieten festei, Zubiondo tabernan, ordubeteko saio bizia eskainita.
Eta segidan, mus txapelketari egin zioten tartea bertan, 17 bikoterekin. Denetan onenak, eta arkume bana etxera eraman zutenak, Juan Miel Apezetxea eta Alvaro Legarreta izan ziren, finalean irabazita Josu Narbarteri eta Viceni; bogabantea eta txakolin botila eraman zuten haiek.
Kroseko azkarrena, Señoran
Larunbateko Krosean, berriz, Unai Señoran izan zen azkarrena seigarrenez, 20 korrikalariren artean (9 goizuetarrak; Martin Etxeberria aurrenekoa).
Giro ederrean egin zuten bazkaria ere, 150 bat lagunekin. Herritar ugari bildu ziren zunba ikasteko ere, plazan, bi kubatarren eskutik. Eta musika ez zen gelditu gauean ere!