Ekainaren 3an beteko dira 80 urte, Txirrita bertsolaria hil zela. Eta horren bueltan, ekintza ugari antolatu dituzte Ereñotzun. Datorren asteazkenean hasiko dira, baina horren aurretik, Aranon ere eskainiko diote tarte bat urteurrenari.
Gaur bertan, bertso afaria izango da Aranoko kontzejuan, Agin Laburu eta Aitor Mendiluze bertsolariekin: Txirrita beste 80 urtian.
Apuntatzeko, telefonoz
Bertara deituta apuntatu behar da, 948 51 42 79 telefonoan. 25 euro dira, eta menua honakoa izango da: entsalada mixta, perretxiku nahaskia, bakailu ajoarrieroa, redondoa saltsan, edaria, postrea eta kafea.
Ereñotzun, hitzaldia eta mendi buelta datorren astean
Datorren astean ekingo diete urteurreneko ekintzei, Ereñotzun. Asteazkenean, hitzaldia emango du Koldo Izagirrek, Auzo Etxean, 19:00etan: Txirritaren erreminta batzuk.
Igandean, berriz, mendi buelta egingo dute, Txirritaren bertsoekin lotura duten puntuetatik pasaz, eta horien aipatzen diren bertsoak kantatuz.
Ereñotzuko plazatik abiatuko dira, Txirritak bere lehen bertso saioa egin zuen etxe aurretik. Hortik, Latxe jaioterrira joango dira, Alkatxuinera gero, Larre-Gain, Epele eta Fagollagara, eta Ereñotzura buelta. 09:30etan abiatuta, hiru-lau orduko ibilbidea izango da.