Ondarretako paseotik oinez, itsasoari begira goaz. Oinak lurrean eta bista uretan. Eta bat-batean, biak nahastuta. Lurrean jarraitzen dugu, baina urez inguratuta gaude. Nola liteke?
Ba oraindik ez, baina ekainetik aurrera, posible izango da hori, Victor Goikoetxea artista hernaniarrari esker. Miramar tunel peatonala pintatuko du barruko aldetik, bertatik pasatzen direnei «ur azpiko esperientzia berezi bat» bizitzeko aukera emateko.
Lurrak eta itsasoak bat, tuneleko sabaian
Tuneleko sabaia pintatzeko, «mota guztietako materialak, lodierak, distirak eta zimurdurak» erabiliko ditu Goikoetxeak, eta uretako zein lurreko elementuak, biak jasoko ditu artelanean: arroka zatiak eta harriak batetik, eta itsasoaren eta olatuen mugimendua bestetik, argia eta distiraren bitartez sentsazio hori lortuz.
Gainera, baldosa bereziak ere jarriko dituzte tunel barruan, «herritarrek energia sortzeko bere pausoekin». Eta energia horrekin, informazio taula bat piztuko da: tuneletik pasa den oinezko kopurua, artelanari buruzko informazioa, hiriaren datu interesgarriak...
Goikoetxearen ideia izan zen tunela pintatzea, paseo guztian, itsasoa ikusten ez den toki bakarra baita Miramar tunela. Jendea «harrituta geratzea» da hernaniarraren asmoa, eta horregatik, «ilusio haundia» jarri du proiektu honetan.
Ekainaren bukaeran inauguratuko dute MiramArt, Victor Goikoetxearen artelana.
MiramArt, udarako prest
Xabier Berrueta arkitektoarekin batera egingo du proiektua hernaniarrak, eta aurreikusi dute, ekainaren bukaeran inauguratuko dutela. Udarako prest egongo da, beraz.
MiramArt izango du izena artelanak, eta Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan sartu dute.