Diziplina Batzordeak hartu du erabakia: bertan behera utzi du Gernikak eta CRC Pozuelok jarritako erreklamazioa. Atzo jakinarazi zuen erabakia, espero baino astebete beranduago. Beraz, Hernani Ohorezko A mailako taldea izango da, datorren denboraldian ere. Zelaian irabazi du aurten Hernanik permanentzia, eta klubak Komitearen erabakian konfiantza bazuen ere, erresoluzioaren zain ziren. Atzo eguerdiko 12:30ak pasatsu ziren berria jaso zutenean, eta balorazioa egiteko asmoz, prentsaurrekoa eman zuen klubak iluntzean: Juan Rodriguez presidentea, Rafa Larretxea presidente ordea, Joxe Elosegi zuzendari teknikoa eta Patric Polidori entrenatzaileak eman zituzten azalpenak. Hasteko, guztiek eskertu nahi izan zuten egun-aste hauetan izan duten babesa: herritarrena, klubena, ingurukoena...
«Balorazioa, positiboa»
«Ez genuen zalantzarik; Komitearen erabakiak hori izan behar zuen. Aldaketa hura ez zen intentzio txarrarekin egin, ez dago tranparik atzean, inongo asmo beltzik» hitzekin hasi zuen Juan Rodriguez presidenteak, prentsaurrea. Azken bilakaeren berri eman zuen, eta erresoluzioak esaten zuena ere azaldu zuen: «Komiteak bertan behera utzi du Gernikak eta Pozuelok jarritako erreklamazioa; hori da momentuz azaltzen dena. Komitearen arrazoiak datozen egunetan jakingo dira. Balorazio positiboa egin dugu. Baina esan nahi dugu fuertea dela egin zaigun akusazioa: okerreko alineazioa egin izana salatu dute». Presidentearen azken hitzei segida emanez, Larretxeak gehitu zuen: «erresoluzioan argi azaltzen da hasieratik mantendu duguna. Alegazio okerra edo ilegala izan zela zioten erreklamazioan, eta Espainolak esan du aldaketa izan dela okerra, ez alineazioa». Orain errekurritzeko aukera izango dute klubek.
Beste 6-7 kasu, denboraldi honetan
Elosegik gaineratu zuen, egun hauetan denboraldi osoko aktak errebisatzen aritu dela, eta badaudela beste 6-7 kasu oso antzekoak direnak: «hor ikusten da gertatzen dena. Federazioak irtenbide bat eman behar dio honi, berriz gertatu ez dadin». Larretxeak gogoratu zuen, lehen bazela laugarren epaile bat funtzio hori zuena baina kendu egin zutela.
«Zelaian lortu ez dutena bulegoetan lortu nahi zuten»
Polidori entrenatzaileak errugbiaren eta bereziki Hernaniren alde humanoa azpimarratu nahi izan zuen: «kirolaren ikuspuntutik beraien eskubidea zen erreklamazioa jartzea, baina ez dut konpartitzen. Ezin dut ulertu talde batek nola salatu dezakeen bestea. Errugbiak beste filosofia bat du, eta Hernaniko klubak bereziki. Jokalariek maite dute kirol hau, eta klub hau. Kirol ikuspuntutik, zelaian lortu ez dutena lortu nahi izan dute bulegoetan. Kirol honetan aritzen diren jokalariei diedan errespetuagatik ez nuke sekula halakorik egingo. Klub honetan pertsonak baloratzen dira. Hernanik, kirol ikuspuntutik, zelaian lortu zuen lortu beharrekoa».