Prentsa ohar bidez jakinarazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, 225.000 esku-orri banatuko dituztela asteburuan, Gipuzkoako etxeetan.
«Mobilizazio zabal honen bitartez, erraustegiaren arduradun politikoei mezu argi bat bidali nahi diegu: komunikabide haundietan, publiko zein pribatuetan, ezarria duten kontrol informatiboaren gainetik, ezkutatu nahi dituzten egiak Gipuzkoako txoko guztietaraino eramango ditugu. Beraiek herritarrei ezkutatzen dieten azaleratzeko gai garela demostratuko dugu».
Hiru mezu
Hain zuzen, hiru mezu helarazi nahi dituzte informazio orri horien bidez.
Batetik, diote «erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu» egiten dela. Hori ziurtatzeko, «dozenaka ikerketa» daudela diote; «bat aipatzearren: Carlos III Unibertsitatea (2013)».
Bestetik, azaldu dute «Gipuzkoan inoiz egon den lapurreta ekonomiko haundienaren aurrean» gaudela, «aurreikuspen guztiak gainditu» baititu erraustegiaren kostuak.
Azkenik, ziurtatu dute: «zabortegiak ez dira konponbidea».
Giza katerako deia
Hau horrela, hilaren 29an Onkologikotik Foru Aldundira egingo den giza katean parte hartzeko dei egiten diete oharrean, herritarrei.