Bi urte bete dira Hernaniko Hezkuntza Plataformak LOMCE legearen kontrako borroka hasi zuela, eta atzo agerraldia egin zuen Udalarekin eta herriko 4 ikastetxetako ordezkarirekin batean, azken erabakiaren berri emateko: «Aurten, hirugarren mailako ebaluazioen aurrean planto egingo da, edo, zuzenean, ez egitea erabaki da Hernaniko ikastetxe hauetan: Langile ikastola, Urumea ikastola, Elizatxo ikastola eta Txirrita Eskola».
Hartutako beste erabaki batzuen berri ere eman zuten, eta adierazi zuten «aurrerantzean ere borroka honetan lanean jarraitzeko gogotsu eta adoretsu» daudela.
LOMCE eta Heziberriri, ez
Hartutako erabakiaren oinarrian dago Hezkuntza Plataformak LOMCE legearen kontra eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Heziberri egitasmoaren kontra erakutsitako jarrera, «herri honek onartzen ez duen hezkuntza eredu bat dakarkitelako». Orain arte, hainbat hitzaldi, erakusketa, elkarretaratze... egin dituzte, eta horretan segitzeko asmoa azaldu dute.
Informazioa, eskura
Era berean, atzokoan argi utzi zuten jarraitu egingo dela «herriko zentroetan Eskola Kontseiluak egun dituen erabakitze ahalmen eta partaidetza berberekin», eta gurasoak informatzen ere jarraituko dutela, orain arte bezala, hainbat bide erabiliz.