Apirilaren 25ean egin zuen Astigarragako Udalak azkeneko Plenoa, eta hori baloratzeko, prentsa-oharra bidali du EH Bilduk Kronikara. Oro har, Udal Gobernuaren «utzialdia» salatu nahi dute: «azken osoko bilkuran ere, aurrera egin ezinik» izan zirela, diote.
«Itxura onargarriagoa»
Azkeneko plenoan onartutako gaietako bat, 2016ko aurrekontuak izan ziren. EAJren aldeko botoekin onartu ziren, eta EH Bildu abstenitu egin zen. Honen aurrean diote: «EH Bilduren lan eta ekarpenei esker, aurrekontuek itxura onargarriagoa izango dute».
Hasierako proiektuarekin alderatuta, inbertsioetan aldaketak egon dira: «EAJk baztertu nahi zituen auzoek lekutxoa izango dute: Perurena (10.000 euro), Martindegi (27.000 euro) eta Anuska (102.000 euro). Eskolak eta haurreskolak ere badute garrantzia, 42.600 euro eta 10.000 eurorekin, hurrenez hurren. Gainera, Sagardo Plazatik hasi eta Pelotari plazaraino eraberritze-proiektua idazteko 30.000 euro txertatu dira. Azkenik, uholdeen aurkako lanak bideratzeko zenbatekoak ere gehitu dira».
Horrez gain, «etxe hutsak alokatzeko laguntzetan EAJk murrizketa aplikatu nahi zuen eta EH Bilduri esker jarraipena izango du ekimenak. Euskera ikasteko laguntzak ere areagotu ditugu eta garapen bidean daudel herrialdeetarako laguntzak mantentzea lortu dugu».
Kiroldegiaren haunditzea eta etxebizitzak eskuratzea
Bestalde, apirila bukaerako Plenoan ere onartu ziren: kiroldegia haunditzeko aurreko legealdiko proiektua lehiaketara ateratzea, eta Urumea Berriko 8 etxebizitza doan eskuratzea, «EH Bilduk aurreko legealdian promotorearekin lortu zuen akordioari esker».
«Udal Gobernuaren utzikeria eta proiektu ezaren isla»
Aurrekontu hauek «EH Bilduren ekarpen eta esfortzuaren irudi» direla dio Udal Taldeak, baita «Udal Gobernuaren utzikeria eta proiektu ezaren isla ere».
Horrez gain, EH Bilduk prentsa-oharrean salatu nahi du: «inoiz iritsiko ez den zerbaiten zain dagoen Udal Gobernua dugu eta zalantzarik gabe, astigartarron intereserako oztopo izaten ari den udal gobernu taldea».