Beste urte batez, ilarrari protagonismo berezia emango diote astigartarrek datozen egunetan. Ilarraren Jardunaldien bosgarren edizioa ospatuko dute bihartik igandera arte; eta ekintza mordoa antolatu dituzte Astigarragako Baratz Elkarteak eta Behemendi-Donostialdea Turismoguneak, Udalarekin batera.
Pintxo-potea, hasteko
Bihar hasiko da festa, eta horretarako, pintxo-potea berezia antolatu dute ilarra osagai nagusia izanik. 19:00etan hasiko da, eta Astigarragako 13 tabernetan dastatu ahal izango dira mokaduak: Astiarra, Bukoi, Bodeguilla, Ekaitz, Ibailur, Kaizoku, Kizki, Kupela, Pastoriza, Pentxe, Sagartxo, Txiki eta Zipotza. Ondoren, 21:30ak aldera, sari banaketa egingo da. Orduan jakinaraziko dute nork egin duen pintxorik onena.
Herriko baratzetara ikasleak eta tailerra, etzi
Hasiera potentearen ondoren, ostiralean jarraituko du jardunaldiak. Goizeko 09:00etan, Herri Eskolako haurrak herriko baratzeak bisitatzera joango dira. Arratsaldean, aldiz, Haziaren erreprodukzio tailerra eskainiko du Marc Badalek, udaletxean; eta bukatzean, ilar dastaketa egingo dute Charo Zapianek eta Roberto Ruizen eskutik, kontzejupean.
Asteburuan, gehiago
Larunbatean, aurreko egunean ikasleek egin bezala, baratzetara bisita gidatua egingo dute helduekin; udaletxetik aterako dira, goizeko 11:00etan.
Bukatzeko, Ilar Egunaren ekintzek bat egingo dute, igandean, San Isidro egunekoekin.