Ostiralean aurkeztu zuten Hernani Erabaki, aurrekontu parte-hartzaileen hirugarren edizioa, Luis Intxauspe Hernaniko alkateak eta Arkaitz Martinez de Albeniz, Aztiker aholkularitza enpresako ordezkariak. Azpimarratu zuten maiatzaren 16an irekiko dela proposamenak egiteko epea. Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua egiten dela hirugarren urtea izango da aurtengoa, eta hainbat berrikuntza izango direla azaldu zuten; bereziki, herritarrengana gerturatzeko hainbat neurri hartu dituztela azpimarratu zuten. 500.000 euro non inbertitu erabakiko dute hernaniarrek.
Prozesuak, lau fase
Ohi bezala, prozesuak lau fase izango ditu aurten ere. Aurrenekoa, maiatzaren 16tik ekainaren 5era bitartekoa; proposamenak egiteko epea izango da.
Bigarrena, ekainak 6- irailak 11 artekoa, balorazioak egitekoa izango da. Batetik, balorazio politikoa egingo da, jakiteko, ea proposamena egiteko eskumena nork duen: Udalak, Aldundiak... Bestetik, balorazio teknikoa egingo da, proposamenak bideragarriak ote diren jakiteko. Azkenik, balorazio ekonomikoa ere egingo da, gastuak kalkulatzeko.
Hirugarren fasean proposamenak lehenetsiko dira, irailaren 12tik urriaren 9ra bitartean. Aztikerreko ordezkariak azaldutakoaren arabera, «ongizate komunaren arabera» lehenetsiko dira proposamenak. Hau da, «zer behar du Hernanik? Galdera horri erantzun beharko zaio».
Azkenik, urriaren 10etik azaroaren 6ra bitartean nahi diren proposamenen alde bozkatzeko aukera izango da.
Auzoetan presentzia gehiago; interneten informazio gehiago
Prozesuaren faseak hirugarren urte honetan ere antzekoak izango dira. Baina parte hartzeko bideak erraztuko dira.
Batetik, proposamenak jasotzeko saioak egingo dira auzoetan. Izan ere, aurreko edizioetan, prozesuaren bukaeran bakarrik jotzen zen auzoetara. Era berean, buzoi gehiago ere jarriko dira: udalean eta auzoetan. Azkenik, interneten ere, proposamenak egin, prozesua jarraitu eta aurreko urteetako proiektuen jarraipena egiteko aukera ere izango da. Azken batean, herritarrengana gehiago gerturatzea dute helburu, aurten. «Prozesuak badu oinarri bat, eta helburua da, hobetzen joatea. Inbertsioa egin dugu webgunean, jarraipen egin ahal izateko eta ekarpenak egiteko gune iraunkor bat izan dadin. Helburua da prozesua geroz eta herritarragoa izatea», azaldu zuen Martinez de Albenizek.
Erabakigune bat gehiago
«Herritarren nahi eta beharrak ezagutzeko prozesua da Hernani Erabaki», azaldu zuen Luis Intxauspe alkateak. «Beste erabakigune bat da prozesu hau, jai batzordea, auzoetako batzordeak, berdintasun kontseilua... bezala. Pertsona bakoitzaren interesetik abiatuta, talde eta komunitate ikuspegia lantzea da helburua». Horrekin batera, Intxauspek azpimarratu zuen «alderdi politiko guztiek babestu eta lantzen» duten prozesua dela. «Horrek ziurtatzen du aurrera eramango direla bertan hartzen diren erabakiak, eta prozesuak ere segida izango duela».