Emusik musika eskolen Europako jaialdiaren bueltan Hernanin antolatu diren ekintzak bukatzear dira. Eta bukaera borobila izan dadin, kontzertu haundia eskainiko dute gaur Atsegindegin, Hernaniko eta Europako zenbat puntutatik etorritako musikariek. Goizeko 11:00etatik aurrera, europar musikaz gozatzeko azkeneko aukera izango dute hernaniarrek.
250 bat musikari, Atsegindegin
Gaurko kontzertua izango da EMUSIKen baitan Hernanin egin diren ekitaldietan garrantzitsuena.
Musika eskolak antolatuta, kontzertu berezian bat egingo dute bost taldeko 250 bat musikarik. Bertan egongo dira: Hernani Musika Eskola, Kataluniako San Celoni Musika Eskola, Italiako Toskanatik etorritako CAM orkestra, eta Alemaniako FaTIKo taldea eta JBO Velvert orkestra.
Sorpresaz beteriko kontzertua
Txalapartarien hotsekin hasiko da emanaldia, eta jarraian, Luis Intxauspe alkateak agurra egingo die musikariei.
Ondoren, musikari guztien eskutik, Europako ereserkiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horrek emango dio hasiera taldeen emanaldiei. Eta azkenik, Musikatu bizitza EMUSIK 2016ko abestiarekin bukatuko dute kontzertua, denek batera.
Bukaera iluntzean, Saguesen
EMUSIK ez da hor bukatuko. Iluntzeko 20:00etan, musikari guztiak Donostiako Saguesera bilduko dira, eta bertan emango diote bukaera ofiziala jaialdi europearrari.