Datorren larunbatean, maiatzaren 14an, jokatuko da Astigarragako 4x4 kotxeen proba. Urtero bezala, poligonoan izango da, eta mota guztietako oztopoak prestatuko dizkiete antolatzaileek: eskabadora hartu, zulo haundiak egin, eta horietako batzuk urez beteko dituzte. Lokatza ziurtatuta dago!
Aurten, 25 bat kotxe etorriko dira, Euskal Herri osotik: Zangozatik, Arbizutik, Goizuetatik, Gasteizetik... Astigarragaren ordezkari, hiru partehartzaile: Iñaki Artola, Iñigo Betelu eta Iñaki Larrarte.
Arratsaldean izango da proba, baina goizeko 10:00etatik aurrera, kotxeen erakusketa ere jarriko dute.
Sarrerak, 2 euroan
Proba ikusteko, sarrerak 2 euroan egongo dira, egunean bertan, eta guztien artean, urdaiazpikoa eta bi sagardo botila zozketatuko dituzte. Botak eramatea gomendatu dute, tokia lokaztuta egongo baita.
Arratsaldeko 15:30etan hasi, eta 20:30ak arte luzatuko da ikuskizuna. Eta aurretik, goizeko 10:00etatik 15:00etara, kotxeen erakusketa izango da, poligonoko Txingurri tabernan.