Poz haundiak bezala, penak ere utzi zituen txirrindulari astigartarrentzat, aurreko asteburuak. Izan ere, Urko Semperena aurre-aurrean ibili bazen bi egunetan, postu bikainak lortuta Amurrion eta Bergaran; ezin izan zuen bere maila erakutsi Jaime Romerok, etxeko lasterketan, Astigarragako Txirrindagan Sarian.
Garaipena gertu, Amurrion
Larunbat goizean jokatu zen Amurrioko Sari Nagusia, 147 txirrindularirekin, eta hirugarren izan zen Urko Semperena, tropeleko esprinta irabazita. Aurretik, 10 segunduko aldearekin, sartu ziren Dorian Foulón frantziarra eta Iñigo Elosegi bizkaitarra. Hasieratik egin zuten ihes biek, baina tropelak minutu erdiko aldearekin kontrolpean zituen arren, helmugara ihes eginda iristea lortu zuten azkenean.
Igandean, berriz, Bergaran izan zen Semperena, Labegaraietako Sarian, eta esprintean jokatu zuen garaipena tropela. Ba hor ere, garaipenetik gertu izan zen astigartarra. Taldekideen lan bikainarekin, 200 metrora hasi zuen bere esprinta, baina kontrako haizearekin eta hiru aurkari gurpilean zituela, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, esprint oso estuan.
Txirrindagan Sarian, ikusle ugari eta giro polita
Alebin eta infantilak, berriz, etxean aritu ziren larunbatean. Txirrindagan Saria jokatu zen Astigarragan, ikusle ugarirekin eta giro ederrean. Alebin mailan, 13garren izan zen Tasio Semperena, eta 16garren Aketza Bolado.
Infantiletan, berriz, postu on bat lortzeko asmoz atera zen Jaime Romero, Usurbilgo hirugarren postuak indarra emanda. Baina ezin izan zuen lasterketa bukatu, bigarren itzulian erori ondoren.
Kadete mailan, azkenik, Artajonan aritu zen Tomas Otermin, eta lasterketa oso gogorrean, bukatzea lortu zuen astigartarrak: 113tik, 68 bakarrik iritsi ziren helmugara.
Lau zita, asteburu honetan
Jubenilek, zita bikoitza izango dute asteburu honetan ere: Lazkaomendi Proba gaur goizean, eta Santikutz Proba Seguran, bihar. Alebin eta infantilek, Gipuzkoako Txapelketa daukate gaur arratsaldean, Oñatin. Eta kadeteek, Lizarrako Saria bihar goizean.