Juan Manuel Larburu eta Marcelo Vazquezen memoria jaso eta ezagutzera eman zuten atzoko omenaldiarekin

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 9a, 02:00

Nazien kontzentrazio ere­mue­tan hildako bi herna­nia­rrek omenaldia jaso zuten atzo: Juan Manuel Larburu Odrio­zolak eta Marcelo Vaz­quez Saezek. La ilusion el­karteak an­tolatu zuen atzoko omenaldia, Hernaniko Uda­laren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Bi hernaniar, kontzentrazio eremuetan
La ilusión elkarteak ikertu du bi hernaniar hauen inguruan. Mar­celo Vazquez Saez 1901eko urtarrilaren 16an jaio zen Her­na­niko ‘Casa Agujan’, Flo­rida au­zoan. Mauthau­senera depor­tatu zuten 1941eko urta­rrilaren 25­ean, eta Gusenen hil zuten 1941­eko irailaren 14an. Atzo azal­d­u zutenez, ez dute honen seni­d­erik topatu, eta bere biogra­fia­tik ere, ez da ia ezer ezagut­zen.
Juan Manuel Larburu Odrio­zolaren inguruan infor­ma­zio gehiago eskuratu dute. 1912ko abuzt­uaren 20an jaio zen, Her­naniko Berakorte ba­serrian. Hainbat laguni naziengan­dik ihes egiten lagundu zien Larburuk; 1944ko urtarrilaren 19an Buchenwal­dera deportatu zuten. Larburu urte bereko apirilaren 5ean hil zuten, Flossenbürgen.

«Omenaldia egingo diegu denon eskubideen alde egin zuten bi lagunei»
Goizeko 11:00etan jarri zuten zita Plazan, eta Udalean el­kar­tu zi­ren, omenaldia egiteko asmoz. La ilusion elkarteko Florentinok hitz egin zuen, eta eskerrak eman zizkion Uda­lari: «askotan oztopoak izaten ditugu horre­lakoak egitean, eta hemen bere­hala jaso dugu proiektuarekiko babesa. Ome­nal­dia egingo diegu de­non es­kubideen alde lan egin zuten bi lagunei, haien borro­ka­ri esker dauzkagulako dauzka­gun es­ku­bideak eta askata­su­na, eta nola halako demo­kra­zia».
Koro Etxeberriak, Udal or­dez­kariak hartu zuen or­duan hitza  (Alkateak bertan egon nahi zuela aipatu zuen, eta barka­mena eskatu zuen haren ize­nean). Etxe­berriak gai­ne­ratu zuen:  «on­dorengo be­lau­naldiak ga­ra memoria hori jaso eta eza­gutarazi behar du­gunak. Uda­le­tan lanean ari garenok jabetu behar dugu ho­nen garrantziaz, eta herri­tarrok adi egon behar dugu berriz gertatu ez dadin. On­doren, eskerrak eman zizkien ber­taratutakoei: Udaleko kor­po­razio guztiari eta herritarrei.

«Zein inportantea den memoria berreskuratzea»
Omenaldiaren parte izan zen atzo gerturatutako familia ki­deei lore sortak ematea. Ai­pa­tu bezala, ez zuten Marcelo Vaz­que­zen senitar­tekorik topa­tu. Juan Manuel Larburu­ren arreba Monika, eta honen ilobaren iloba Udalean izan ziren atzo. Monika arreba asko emo­zio­na­tu zen lore sorta jasotzean: «anaia hil zuten eta aita kar­tze­lan sartu. Amak zer nolako lana egin zuen gu aurrera atera­tze­ko». Ilobaren ilobak ere, izan zi­tuen esker hitzak atzokoan: «zein inportantea den memoria berreskuratzea. Oso garrantzi­tsua izan da lan hori egitea eta autoritateek laguntzea; bestela, zulo batean geldituko zen, atera gabe, eta horrek kalte egiten du. Pozten naiz. Lehen ere Comete Sarearen inguruko liburuan eta Hernanin egindako monumen­tuan aipatu zen, eta honekin bukaera ematen zaio lekua hartu gabe egon den istorio bati; bukatuko da, bere jaiotetxean».

Plakak, jaiotetxeetan
Udaleko omenaldiaren ostean, bi herritarren jaiotetxera joan ziren. Berakorte baserrira joan ziren lehendabizi. Cuesta de la muertetik eskubitara dago baserria, eta bertan jarri zuten Juan Manuel Larbururen oroi­menezko plaka. Ondoren, Floridara, ‘Casa Agujara’ ger­turatu ziren, Marcelo Vazquezen oroime­nezko plaka jartzera. Kasu honetan, plaka tren­bidearen bestaldean jarri zuten, Casa Aguja ADIFena delako, eta itxita dagoelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!