Euskal Eskola Publiko berriaren alde lanean hasi zela 25 urte egiten ditu aurten Sortzen elkarteak, eta hainbat eragilerekin batean, hau ospatzeko festa egingo da maiatzaren 22an Hernanin.
Lehenago, hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte; bat, gaurkoa. Lau pelota partidu jokatuko dira, arratsaldeko 17:00etan hasita, Hernaniko frontoian, 3 euroan.
Infantilak eta nagusiak, palan eta esku pelotan
Bi modalitate, eta bi mailako partiduak ikusteko aukera izango da gaurkoan.
Paletan, Ekain eta Garazi infantilak, eta Goikoetxea-Arrieta/Garmendia-Eizmendi nagusiak ariko dira; eta esku pelotan, Apaolaza-Oiartzabal/Uitzi-Insausti II infantilak eta Arrieta-Aizpitarte/Apezetxea-Martinez de Eulate nagusiak. Bertaratzera animatzeko dei egin diete herritarrei.
Berria eta Udaberri Txapelketak, asteburuan
Hernaniarrek makina bat aukera izango dituzte asteburu honetan ere, pelotarekin gozatzeko.
Gaurkoan, pelotari hernaniarrek 6 partidu jokatuko dituzte Udaberri Txapelketaren barruan, kadete, jubenil eta nagusien mailetan. Hernanin bi jokatuko dira, gainera, 11:00etan hasita.
Bihar, berriz, Berria Txapelketa jokatuko da Hernanin, 11:00etan: Pagazpe eta Huarte ariko dira elkarren kontra.