Astigarragako Herri Eskolako ikasleak izango dira protagonista etzi, astelehenean, udaletxean. Pleno berezia egingo dute, Eskola Agenda 21aren bueltan, eta bertan aurkeztuko dute, Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek, ikasturte honetan zehar egindako lana.
Aurtengoan, Energia eta Mugikortasuna izan da gaia, eta modu desberdinetara landu dute ikastetxean bertan, eta ondoren, hainbat jarduera egin dituzten kanpoan ere, herriaren egoera aztertzeko.
Hori lantzeko, galdeketak egin dizkiete guraso eta herritarrei, eta kaleko argiteria, arriskuen pertzepzioa eta energiarekin lotutako beste zenbait alderdi aztertu dituzte.
Hobetzeko proposamenak, Udal arduradunei aurkeztuta
Ikerketan lortutako emaitzak, apirilaren 12an egindako foroan eztabaidatu zituzten eskolako ordezkariek. Eta atzo, Udal arduradunei aurkeztu zizkieten, herriaren diagnostikoa, ikasleek hartutako konpromisoak, eta herria hobetzeko proposamenak.
Eskola Agenda 21ek, eskerrak
Eskola Agenda 21eko arduradunek, eskerrak eman nahi izan dizkiete eskolako gurasoei eta astigartarrei, «ikasleei laguntzeagatik eta azaldu duzuen pazientziagatik». Eta modu berean, ikasleak goraipatu dituzte, «herria hobetzeko egin duten lan onarengatik».