«Langile ikastolak planto egingo dio LOMCE-Heziberrik agindutako azterketari»

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 6a, 02:00

«lomce Legeari planto egingo dio Langile ikastolak. Lehen Hezkuntzako 3garren mailako proba ez egitea erabaki dute ikastetxeko komunitateko kideek; erabakia Batzar Orokorrean hartu da, aho batez» hala jakinarazi du Langile ikastolako Gelaburu Batzordeak Kronikara bidalitako prentsa oharrean.
Oharrean azaldu dutenez, apirilaren 20an Laubidieta zentroan egin zuten Batzar Oro­korra, ikastetxe publikoaren hezkuntza komunitatea osatzen duten estamentu guztiek: gurasoak, irakasleak, langileak... Eta bertan hartu zuten erabakia: «ez dugu egingo Eusko Jaurlaritzako hezkuntza Sailak Heziberri programaren bidez ezarri nahi duen LOMCEren 3garren mailako azterketa. Ez du egingo ez kanpoko enpresa batek, ez ikastetxeak berak ere. Era berean, 6garren mailako azterketa pilotua egitea egokituko balitzaio, hori ere ez egitea erabaki dugu».

«Natur eta Gizarte Zientziak modu integratuan lantzen»
Prentsa oharrean azaldu dutenez, Natur eta Gizarte Zien­tziak mo­du integratuan lantzen ja­rrai­tzea ere berretsi du ikastolak: «biei nota berdina jarriko zaie».
Bestalde azaldu dute, Gizarte eta Herritarren baloreak irakasgaiaren bidez erlijioa ez dela kalifikatuko: «egungo tutoretza pla­narekin segiko dugu».
Az­ke­nik, jakinarazi dute: «aldaketa nabarmenik ez balego, erabaki hauek eragina izaten jarraituko dute datozen urteetan ere».

«Mezu nahasgarriak»
Oharraren bukaeran azaldu dute, Hezkuntza Sailetik mezu nahasgarriak ematen ari direla: «LOMCE eta Heziberriren bidez ezarri nahi diren azterketen inguruan mezu nahasgarriak iritsi dira Hezkuntza Sailetik. Adminstrazioak ‘derrigorrezko’ hitza erabiltzea saihestu badu ere, praktikan ikastetxeetan 3ga­rren mailako azterketa eginarazteko pausuak ari dira ematen, ‘diagnosi’ itxura emanez. Horren aurrean, Langile Ikas­tol­ak konpromisoa hartu du bere hezkuntza proiektuarekin bat egiten duen berezko ebaluazio sistemarekin jarraitzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!