Musika jaialdi bat baino gehiago izaten ari da EMUSIK Hernaniko Musika Eskolako kideentzat. Atzo Alemaniako Elzetik bi abesbatzek kantatu zuten Dakaporekin batera. Eta gaur Nordhornetik etorritako Connexion Ensemble entzuteko aukera izango da, Musika Eskolako Hernasaxekin batera. Kontzertu berezia izango da, espresuki egun honetarako moldatutako obra bat eskainiko baitute biek batera: Connexion elkarlana. Aurretik egonak dira Alemaniako irakasleak, eta Connexion euskeraz nola esaten den galdetu zuten. Elkarlana hitz egokia zela erantzun zioten, eta obra bat moldatu dute gaurko, elkarlan edo harreman hori erakusteko asmoz: Connexion elkarlana abestia. Emanaldia Biteri kultur etxean izango da, 19:00etatik aurrera.
EMUSIK ekimen paregabea ari da izaten kultura eta herrialde ezberdinetako ezagutzak eta esperientziak partekatzeko: «musika batzen gaituen hizkuntza komuna da». Europako herrietan musika eta ospakizuna izateaz gain, EMUSIKek bilatzen du, baita ere, Europako herri ezberdinak gerturatzea, eta hauen arteko hartu-emana bultzatzea. Eta noski, baita ere, musika eskolek egiten duten lanari ikusgarritasuna ematea.