Komiki denda irekitzekoa zara ostiralean. Zer aurkituko du ‘Gaueko’ra gerturatzen denak?
Denetarik pixka bat aurkituko du bertan. Gehien saltzen dena komiki amerikarra da, superheroiena batez ere, eta hori izango da aukeran. Baina baita europearra eta japoniarra ere. Gainera, bigarren eskuko komikiak, aspaldikoak, salerosiko ditut. Beraz, etxean komiki zaharrak dituen edonor etor daiteke eta hitz egingo dugu. Mahai jolasak ere izango ditut, familian edo lagun artean jolasteko.
Nolakoa izango da denda?
Gauekok hiru espazio izango ditu. Lehenengoan komikiak eta mahai jolasak daude salgai. Bigarrengoan espazio bat ere egongo da, bertan tailerrak, erakustaldiak edo aurkezpenak egiteko. Azkenik, atzealdean, nire estudioa izango dut.
Zergatik ‘Gaueko’?
Sujerentea iruditu zitzaidan bi zentzu dituelako. Batetik Euskal mitologiako pertsonaia delako, betidanik erakarri izan nauena. Mariren zerbitzaria da, baina alde iluna duena eta jende askok ezagutzen ez duena. Bestetik Gaueko komikiak aipatu nahi nituen, hau da, ohean sartu eta loak hartu aurreko tarte horretan irakurtzen direnak, hori baita niretzako komikiak irakurtzeko une egokiena.
Komikilari gisa, ibilbide haundia duzu. Atzera begiratuz gero, alderik ikusten al duzu? Eboluziorik?
Eboluzioa haundia izan da, marrazketan batez ere. Nire hasierako Kromiki bat eta oraingo bat hartzen badituzu, pertsonaiek estetikoki ez dute zerikusirik, pertsonai berberak izan arren. Asko ikasi dudala uste dut.
Nolatan hasi zinen komikigintzan?
Txikitatik egin izan ditut gustatzen zitzaizkidan komikien parodiak, superheroienak batez ere. Arte Ederrak ikasi nuenean, ipuinen ilustraziora jo nuen gehiago, baina orain komikiari denbora gehiago dedikatzen diot. Profesionalki 2004ean hasi nintzen, lehenengo Kromikia argitaratu genuenean. 2011an Igo Rekalde-Hortzadar komiki lehiaketa irabazi nuen, eta horrek animatu ninduen, gogorrago ekin nion komikiari; eta ordutik hainbat sari irabazi ditut.
Zein da zure estiloa?
Beti pentsatu izan dut ez dudala estilo definitu bat, nahiz eta nire ingurukoek esan nire marrazkiak erraz identifikatzen direla... Komikiak idatzi eta marrazterakoan istorio erakargarri edo dibertigarriak kontatzea bilatzen dut, besterik ez; batzuetan sentipen edo pasarte autobiografikoak ere txertatzen ditut.
Kronikako komikilaria ere bazara aspaldian.
Gehienetan, herritik bueltatxo bat ematea nahikoa izaten da Kromiki baterako istorioa aurkitzeko; nahiz eta batzuetan Kronikako albisteetara jo behar izaten dudan gairen bat aurkitzeko. Kontuan izan 12 urte daramatzagula Kromikiak egiten, eta askotan zaila izaten da gai orijinalen bat aurkitzea, urtero gertaera asko errepikatu egiten baitira, bukle bat bezala.
Kromikien berezitasun bat da, askotan kontatzen duzun istorio hori herrikoek bakarrik ulertzen dutela, Hernanikoa ez den pertsona batek ez baitaki zertaz ari zaren. Horrek badu bere morboa. Gainera, herrian gertatzen den zerbaiten edo gustuko ez duzun zerbaiten salaketa egiteko aukera ere ematen dizu Kromikiak... Ahal bada inor iraindu gabe, noski!
Sariak aipatu dituzte lehen... Urte guzti hauetan sari asko lortu dituzu. Espero al zenuen horrelako ibilbide oparoa?
Ez dira hainbeste ere. 2011tik hona 5 sari irabazi ditudala uste dut, eta finalista izan naiz beste hainbat lehiaketetan. Egia esan, lehen lana aurkeztu nuenean ez nuen esperantza haundirik, baina lehiaketa hura irabazteak konfiantza haundia eman zidan. Sorpresa izan zen hura eta sorpresa izan dira beste guztiak ere; orain pentsatzen dut: zerbait ondo egiten dut, ezta?
Azkenekoa, Portugaleten lortutakoa, Uri Urena lehiaketan; nazioartekoa saria, gainera. Pozik egoteko modukoa da...
Portugaleten 3 sari jaso ditut urte hauetan eta hirurak kategoria desberdinetan. Beraz, ezustekoak izan dira hirurak, batez ere herrialde desberdinetako partaideak izaten direlako
Aurrera begira, erronkarik?
Printzipioz, denda aurrera ateratzea! Yoseba Peñak idatzitako ipuin bat ilustratzeari ekin behar diot orain. Argi daukat lehiaketetan parte hartzen jarraituko dudala. Eta benetako erronka komiki album bat argitaratzea izango litzateke.