Emusik jaialdiaren egoitza izango da Hernani, asteazkenetik

Kronika - Erredakzioa 2016ko mai. 2a, 02:00

Donostia 2016 hiriburutza aprobetxatuz, Donostian eta inguruetan burutuko da aurten Emusik Europako Musika Eskolen Jaialdiaren hamabigarren edizioa. Eta Hernani egoitza ofiziala izango da, EAE, Nafarroa, Iparralde eta Errioxako beste 58 herriekin batera. 
Asteazkenean hasiko da jaialdiari dagokion egitaraua, eta larunbatean emango zaio bukaera, Atsegindegin egingo den kontzertuarekin.

Aurrejaialdia, asteazken eta ostegunean
Aurreneko bi egunak Emu­siken aperitibo edo aurrejaialdi moduan antolatuta daude. 
Hernanin, Europatik etorritako taldeei ikusgarritasuna emango zaie egunotan: asteazkenean, Elzeko Christo­phoruschor eta Ka­mmer­chor eta Hernaniko Da­ka­po abesbatzek kontzertua eskainiko dute arratsaldeko 19:00etan, Milagrosan. Eta ostegunean, Connexion Ense­mble holandarrek eta Herna­sax taldeko kideek bat egingo dute; arra­tsaldeko 19:00etan izango da, Biterin.

Inagurazioa, Ilunben
Dena den, ostiralean izango da Emusiken egun haundia. Donostiako Ilunbe musikariz bete, eta kontzertu erraldoiarekin irekiko dute jaialdia, goizeko 11:00etatik aurrera. 
Ordu berean izango da Hernanik, egoitza gisa, larunbaterako antolatu duen kon­tzertua. Bertan egongo dira hernaniarrez gain: Kata­luniako Sant Celoni musika eskolakoak, Cam Orchestra-Empoli italiarrak, eta Ale­maniako Fatiko band eta JBO Ververt Orchestra.

Musika Eskolatik, eskerrak
Eli Iragorrik, Musika Eskolako ordezkariak prentsaurrean onar­tu zuen udalaren, parte hartuko duten 166 ikasleen eta gurasoen babesa eskertzekoa izan dela: «aurreneko helburua lortu dugu: lan egiteko gogoa eta inplikazioa».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!