Duela bi aste hasi zen XIII Berria Txapelketa, eta gaur arituko dira Hernaniko pelotariak estreinakoz. Goizeko 11:00etan hasiko dira partiduak Hernaniko frontoian, eta Ortuellako Danok Lagunak taldeko kideak izango dituzte aurkari.
Kadete, jubenil eta nagusiak
Azkenaurreko kanporaketa izango da gaurkoa, eta final zortzirenetara nor pasako den erabakiko da. Berria Txapelketan parte hartzen dutenek bezala, Hernanik ere ordezkariak izango ditu gaur hiru mailatan: kadete mailan, jubeniletan, baita nagusi-mailan ere.
Kadete mailan, G. Arizmendi eta Zugastiko jokatuko dute Danok Lagunakeko Del Valle eta Vegaren aurka; jubeniletan, Pagola edo Agirre arituko dira Arizmendirekin, De La Torre eta Barturenen aurka; eta nagusien mailan, Ojuel eta Aizpitarte hernaniarrek, Lopez Aldai eta Lopez garaitzera aterako dira.
Partidu orekatuak, maila gehienetan
Bi taldeek dute final zortzirenetara pasatzeko aukera, baina maila batzuetan lehia biziagoa izango da. Jubenil mailan Ortuellako pelotariek irabazteko aukera gehiago omen dute; kadete eta nagusietan, aldiz, ez dago ezer erabakita, eta hernaniarrak gogoz aritzen badira, irabazteko aukera izango dute.
Final zortzirenak, maiatzaren 29an
Gaurko norgehiagoka irabazi eta final zortzirenetara sailkatzen denak, maiatzaren 29an jokatuko ditu partiduak Hernanin, Markinaren aurka.