Langileen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur mundu osoan, eta langileen alde kalera ateratzeko deia zabaldu dute eragile sozialek.
Gipuzkoan, Donostian egingo da manifestazio nagusia, eta hernaniarrak bertaratzea eskatu dute, besteak beste, LAB sindikatuak eta Hernaniko Bilgune Feministak. Eguerdiko 12:30etan jarri dute zita, Alderdi Ederren.
«Feminismoa eta sindikalismoa beharrezkoak ditugulako»
Hernaniko Bilgune Feministatik aldarrikatu dute prentsa-ohar bitartez, «maiatzaren 1ean feminismoa eta sindikalismoa beharrezkoak ditugulako, bizitza eta kapitalaren arteko talkan bizitza duinen aldeko apustua egiten dugulako, altxa ditzagun bandera moreak airean!». Horregatik, herritarrak Donostiara joateko deia luzatu dute.
Diotenez, emakumeen kasuan eskubideak aldarrikatzea garrantzitsua da, izan ere: «lana soberan dugu, eta enplegu duina faltan. Lana etxetik eta lana etxe barruan. Oraindik ere zaintzak eta etxeko lanek nagusiki gure esku jarraitzen dute [...] Lana gainezka daukagu; kalitatezko bizitza eta enplegua nahi ditugu, emakume guztioi autonomia, eskubideak eta prestazioak bermatzeko».
Hori horrela, diote: «emakumeok enplegu eta bizi baldintza duin batzuen aldeko borrokan beti tinko jardun izan gara lan merkatu formaletik, honen bazterretatik eta, batez ere, honetatik kanpo». Eta jarraitzen dute esanez: «ukaezinak dira gur egun lan merkatuak eta lan harremanek orokorrean bizi duten prekarizazio basatia, babeserako trena kolektiboen ahultzea eta lan harremanen indibidualizazioa tarteko. Egoera honen aurrean, ondorioak bestelakoak dira gizon zein emakumeontzako. Eta logikoa denez, horrek antolaketa kolektiboa eta borroka sutsua eskatzen du.