Europa osoko musika eskoletako 8.500 ikaslek 120 kontzertu baino gehiago emango dituzte maiatzaren 4tik 7ra bitartean, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren bueltan antolatu den EMUSIK 2016 jaialdian.
Donostian eta EAE, Nafarroa, Iparralde eta Errioxako beste 59 herritan, tartean, Astigarragan, emango dituzte kontzertuak, txoko guztietatik etorritako ikasleek; Espainia, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungria, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Polonia, Eslovakia, Suedia, Suitza eta Herbehereetatik etorritako ikasleek, hain zuzen ere.
Astigarragan, larunbatean
Jaialdia maiatzaren 4tik 7ra bitartean egingo da. Aurreneko bi egunetan bertako ikasleek emango dituzte hainbat kontzertu, hamar herritan.
Inaugurazio ofiziala, berriz, ostiralean, maiatzaren 6an izango da, Donostia Arena 2016 espazioan (Illunben). Atzerritik etorritako ikasleek eta bertakoek bat eginda, musika eta dantza nahastuko dituen emanaldia eskainiko dute. Bertan elkartuko diren 8.500 ikasleekin egingo dute bat, Astigarragako Norberto Almandoz Musika Eskolako ikasleek ere.
Bestalde, Astigarragan ere izango da musikarekin gozatzeko aukera. Maiatzaren 7an, larunbatarekin, emanaldi berezia izango da goizeko 11:00etan Joseba Barandiaran plazan (eguraldi txarra egiten badu, pelotalekuan). Luxenburgo, Talavera de la Reina, Eslovakia eta Bulgariatik etorritako musikari eta dantzariak ariko dira. Dantza autoktonoekin eta soka talde eta perkusio talde haundiekin osatuko dute emanaldia.
Astigarragan kontzertua emango dute Luxenburgo, Talavera de la Reina, Eslovakia eta Bulgariako musikari eta dantzariek.
Bukatzeko, jaialdia Saguesen
EMUSIK 2016 jaialdia emanaldi berezi eta jendetsu batekin bukatuko da, hasi bezala.
Maiatzaren 7an bertan, iluntzeko 20:00etan, herritarrei zuzendutako bukaera festa irekia egingo da Donostiako Saguesen. Bertan, ikasleek okasiorako osatu duten Big Band batek joko du, Europako eskoletako ikasleen laguntzarekin.
Emanaldiaren ondoren, festarekin jarraitzeko aukera izango da; DJ saioa izango baita.
«Musika, batzen gaituen hizkuntza komuna»
Donostia 2016 ekimenak eta Donostiako Musika eta Dantza Eskolak antolatu dute jaialdiaren hamabigarren edizio hau, beste hainbat eragilerekin batera; Euskadiko eta Nafarroako elkarteak (EHME eta ASEMNA), Estatuko elkartea (UEMyD) eta EMU (Musika Eskolen Europako Elkartea).
Helburua da Europako herri desberdinen arteko harremanak bultzatzea, kultura eta herrialde desberdinak ezagutzea eta musika eskoletan egiten den lanari ikusgarritasuna ematea, «musika batzen gaituen hizkuntza komuna» delako.