Langileen Nazioarteko Eguna da bihar, eta zuk langabezian ospatuko duzu. Zein da zure egungo egoera? Noiztik zaude
langabezian?
2014ko azarotik langabezian nago; nire alorrean ez dut lanik lortzen. Bitartean sagardotegi batean ari naiz lanean, asteburutan.
Zure curriculumari erreparatuz gero, gizartearen media gainditzen duzu: Doktorea zara Kimika Aplikatuan eta Material Polimerikoetan; masterra ere baduzu alor berean; eta Kimika Zientzietan lizentziatua zara. Halako curriculuma izanda, ez al da kontrajarria lana bilatzeko zailtasuna izatea?
Bai, nik ere ez nuen uste hainbeste urtetan gogor ikasten egon eta gero, gaur egun langabezian egongo nintzenik. Egia da gure gurasoen belaunaldiek animatu egin gaituztela goi mailako ikasketak izatera. Beraz, gaur egun asko eta asko gara goi mailako ikasketak ditugunak, eta zoritxarrez ez omen dago denontzako lanik. Gure artean dagoen konpetentzia haundia da.
Irakaskuntzan eta ikertzaile gisa aritu zara lanean. Zertan ikusten duzu zeure burua?
Bi aukera hauek oso gustuko ditut, baina aldi berean, oso ezberdinak dira. Irakasle gisa aritu naizenean gozatu egin dut, nerabeekin lan egitea gogorra izan arren, oso aberasgarria dela iruditzen zait. Azken finean, urte gehiago eman ditut ikasle bezala irakasle baino. Bestetik, ikerkuntzan zaila da aspertzea, proiektu batetik bestera aldaketa asko egon daitezke, eta beti dago zer edo zer berria ikasteko.
Eta zertan gustatuko litzaizuke lan egitea?
Biak gustuko ditudanez, ateratzen diren aukeren arabera hartuko nuke erabakia.
Euskal Herrian ba al dago zure mailako ikertzaileentzako lanik?
Egon badago, baina ez denontzako nahikoa. Beraz, mota honetako lanpostu bat ateratzen denean, eskatzen diren baldintzak ez dira nolanahikoak. Nire curriculuma askotan motz gelditzen da. Gainetik esanda, Estatutik edota atzerritik etorri nahi duten ikertzaileekin ere lehiatu behar izaten dugu; asko dira Euskal Herrian ikerketa lanetan ari direnak.
Zein oztoporekin egin duzu topo?
Topo egin dudan oztopo haundiena izan da lan aukera gutxi izatea. Lehen esan bezala, asko gara goi mailako ikasketak ditugunak, beraz, formakuntzaz gain esperientzia ere eskatzen dute, betikoa! Lanik gabe esperientzia lortzea ezinezkoa da. Bestetik, hizkuntza ezberdinak menderatzea asko baloratzen da: ingelesa jakitea derrigorrezkoa da, eta alemaniera eta frantsesa ere eskatzen dituzte.
Zuk euskera duzu ama hizkuntza; ingelesean maila altua duzu eta alemanez oinarrizko kontzeptuak dakizkizu. Horrek lagunduko dizula imaginatzen dut.
Bai, hala uste dut. Hala ere, gaur egun ez da nahikoa. Aurreko galderan aipatu dudan moduan, beste hizkuntzetan ere maila altua izan behar da: batez ere, alemaniera eta frantsesa.
Arlo honetan nahikoa inbertitzen dela uste al duzu?
Noski ezetz. Askotan komunikabideetan Europarekin konparatzen gaituzte (BEZ igoerarako, zergetarako…), arlo honetan ere Europako herrialde askorekin alderatzea komenigarria izango litzateke.
Curriculum ona izatea noizbait oztopo izan dela sentitu al duzu?
Ez, kontrakoa. Ikertzaile lanetan aritzeko eskatzen dituzten baldintzak betetzea ez da lan erraza, eta askotan motz gelditzen zara. Irakaskuntzan aldiz, bai pribatuetan eta bai publikoan Doktore titulazioa izatea baloratzen da, eta are gehiago ingelesez tesia idatzi eta defendatu baldin baduzu.
Behin baino gehiagotan entzun izan dugu, lanpostuen arabera, curriculuma moldatzera iritsi izan direla herritarrak. Hau da, ikasketaren bat kentzera, aurkezten zaren lanean hartuko ez zaituzten beldur... Zuri beraz, ez zaizu halakorik burutik pasatu ere egin?
Ez. Nire helburua ikerkuntza edo irakaskuntza arloan lan egitea denez, ikasketak kentzea baino, gehitzea beharko nuke.
Ehunka lagunek migratu dute atzerrira, krisiaren eraginez. Noizbait pentsatu al duzu halakorik?
Bai. Tesi internazionala lortzeko, atzerrian 3 hilabetetako egonaldia egin beharra dago. Nik 6 hilabete eman nituen Alemanian eta esperientzia oso aberatsa eta polita izan zen. Nire bikoteak eta biok jarri izan dugu aukera hori mahai gainean ikerkuntzan lana egin ahal izateko. Zorionez, nire bikoteak lortu du lana, eta bertan gelditu gara.
Etorkizunari baikor begiratzen al diozu?
Ez dakit zer esan… ez dakit etorkizunari baikor begiratzen diodan edo baikor begiratu nahi diodan. Ez dakitenez etorkizunak zer ekarriko duen, gazteei gauza pare bat esango nizkieke: konpetentzia oso altua dela, eta formatzen jarraitu beharra dagoela; baina benetan aztertu dezatela zer ikasi nahi duten.
Hasi bezala bukatuko dugu elkarrizketa, Langileen Egunarekin. Nola pasako duzu? Zein esanahi du zuretzat egun honek?
Sagardotegi garaia guztiz itxi arte, eguna bakailu tortillak egiten eta sukaldean laguntzen pasako dut… Maiatzaren 1a aldarrikapen eguna bezala bizi ohi dut, gure gurasoak lortutako eskubide asko bidean galdutu direlako, eta hauek berreskuratzen saiatu behar dugulako.