Ia 20 urte daramazkizu Papelera Guipuzcoana de Zikuñagan lanean; herrian langile gehien dituen enpresetako batean hain zuzen. Nola gogoratzen duzu hasiera hura?
Banekien enpresa indartsu bat zela, potentea eta horrek lasaitasuna ematen zidan. Gertatzen zena gertatuta, enpresak aurrera egingo zuela sentitzen nuen.
Askoren sentsazioa izaten zen halako enpresa batean lanean hastean, lan hori betirako izan zitekeela, bizi osorako...
Hala da, eta hori erakusten du lankide batek orain gutxi esan zidanak. Zikuñagako papeleran lanean 50 urte zeramazkila esan zidan, eta urte horretan bertan jubilatuko zela; bizi osoa pasa du bertan. Sentsazio hori nuen nik, hemen lanean hasi nintzenean.
Zein da zure lana-funtzioa Papelerean?
1998an iritsi nintzen Papelerara aurreneko aldiz, kontrata baten bitartez; eta orain 11 urte, errelebo kontratua sinatu nuen. Nahiz eta elektrizitatearekin lotutako ikasketak ditudan, Zikuñagan egiten dudan lanak ez du zerikusirik horrekin. Hori egian esan, asko gertatzen da gaur egun. Zikuñagan ur plantan egon nintzen, depurazioan; eta orain mozketa gunean nago. Lehen postu jakin baterako norbait bilatzen zen, eta gaur egun balio-aniztasuna bilatzen da. Honek bere alde onak eta txarrak ditu.
Papeleran beste funtzio garrantzitsu bat ere baduzu, Langileen Batzordeko presidentea zara.
Langileen Batzordea osatzen dugu CCOOko 3 kidek, ELAko 3k, eta LABeko 1ek, UGTko 1ek eta Independeetako ordezkari batek; eta bai, ni naiz presidentea. Garrantzitsua da hainbeste sindikaturen ordezkaritza izatea papelerak. Balorea ematen digu honek, batzuk besteekin eztabaidatzeak gauza on asko dakartza.
Hasiera hartara itzuliz, zein zen langileen egoera?
Aldaketa asko egon direla esanez abiatuko naiz. Orduan langile asko zeuden eta gutxi kobratzen zen. Orain errekurtsoak optimizatu dira, eta askoz gehiago produzitzen da, jende gutxiagorekin. Errekurtsoak optimizatzeak dakar inbertitzeko aukera; baina baita ere, langileek lan karga gehiago izatea, eta horrek ondorioak ditu. Progresiboa izan da, merkatua lehiakorragoa den heinean, optimizatu beharra dago. Onartu behar da enpresa honek inbertitu egiten duela, eta hala elitean mantentzea lortu duela; gauza txikietan ordea, momentu zailak bizitzen ditugu.
Lan hitzarmenik bazenuten?
Historian atzera eginda, Zikuñaga 1935ean eratu zen, eta Guda Zibila oso osorik bizitu ostean, 1941ean lortu zuten martxan jartzea. 1980ra arte, Lan Hitzarmena Estatala zen. 80garren hamarkadan langileek ikaragarri borrokatu zuten, 40 egunetik gora egon ziren greban, eta Gipuzkoako Hitzarmena sinatzea lortu zuten. Egin zuten borroka hori azpimarratu nahiko nuke.
Eta zer ekarri zuen Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmenak?
Ordutik hasi zen Non stop sistemarekin lanean, hau da, etenik gabe, astelehenetik igandera. Makinaria haundietan inbertitu zen, potenteetan. Gipuzkoako papergintza optimizatu egin zen hitzarmenari esker, enpresa indartsuak izatera pasa ziren...
Hitzarmen honen garrantzia azpimarratu nahi izan duzu.
Hitzarmen probintzialak meritu haundia du. Papergintzako erlazio laboralak eta ekonomikoak erabat aldatu zituen. Zentzu guztietan ekarri zuen hobekuntza. Pentsa, 80garren hamarkadan diktadura bukatu berria zen... eta langileek beraien eskubideengatik borrokatu nahi zuten. Nik gogoan ditut metaleko langileen borrokak... Gipuzkoako papergintzak duen hitzarmena da, izan duen lorpen haundienetako bat; Estatalarekin alderatuz gero, askoz hobea da.
Orain hilabete gutxi greba egin zenuten hitzarmen berri baten alde. Astelehenean sinatu zenuten hitzarmen definitiboa, 2015-2018 bitartekoa izango dena. Pozik lortutakoarekin?
Gipuzkoako Hitzarmenak hiru urtetik behin errebisatzeko aukera ematen du. Oinarria ez da aldatzen edo negoziatzen, gehigarriak negoziatzen dira: soldatak eta halakoak... Hobekuntzak eskatzen genituen alor ekonomikoan eta sozialean, batik bat.
Ekonomikoari dagokionean, Gipuzkoako hitzarmenik onenetakoa lortu dugula esan daiteke. Batetik, lortu dugu hitzarmenean sartzea soldatetan KPIaren igoera aplikatzea, 2015-2018 bitartean. Kontuan izanda 2015 eta 2016an KPIa 0 edo negatiboa izan dela, hitzartu da %1 eta %1,5 igotzea, hurrenez hurren; eta orain artekoa retroaktiboki kobratuko da. 2017an berriz, KPI + %1 igotzea hitzartu da, eta igoera gutxienekoa %1,5a izango da. Azkenik, 2018an KPI+%1,25 igotzea adostu da, %1,25eko gutxienekoarekin.
Arlo sozialean berriz, lortu da esaterako, langileak erabakitzea noiz hartu familiako kideren bat ingresatuta izateagatik hartu ditzakeen bi egunak; eta hori lorpen haundia da. Lehen, nahi eta ez, familiarra ingresatzen zuten egunetik kontatzen ziren bi egunak.
Eta Langileen Batzordeko presidente zaren heinean, zer duzue zure ustez pendiente? Zein da arazo entzunena?
Turnoetan lan egiteak bizitza murrizten duela entzuten dut behin eta berriz; eta baita gauez lan egiteak edo non stop sistema izateak. Eta arlo sozialean, oporren kontuak asko kezkatzen gaitu. Oporrak hartu behar dira ekain-uztailean, uztaila-abuztuan edo irailean. Urte batean irailean hartzea tokatzen bazait, eta hurrengoan ekainean, nola kontziliatu? Seme-alabak badituzu, oporrek ez dute koinziditzen. Eta asteburuei dagokienean, gerta li-teke lau hilabetetan bakarra izatea libre. Epe motzera, helburuetako bat da erregulazio egunak udan hartu ahal izatea. Udan sei egun egiten ditugu lan jarraian eta bi deskantsatu. Urtean erregulazioko 7 egun inguru izaten ditugu, eta nahi duguna da, egun horiek udan hartu ahal izatea, eta deskantsuko biei, besteren bat gehitu ahal izatea.
Elkarrizketako bigarren galderari erreferentzia eginez, papeleran ikusten duzu zeure burua erretiratu arte?
Nire asmoa da Zikuñagan bukatzea, eta esango nuke, asko garela nahi hori dugunak. Enpresa haundia da, indartsua eta horrek lasaitasuna eta egonkortasuna ematen du. Gustura ez dagoen jendea baldin badago, gehiago da formengatik, egiten denagatik baino. Astelehenetik ostiralera goizez lan egite hori gaur egun ez da ia existitzen. Eta batzuetan aukeratu beharra dago, eta nik egonkortasuna bilatzen dut orain. Zikuñagan gauzak ondo egiten ari direla uste dut. Inbertsioak enpresara bideratzen dira, langileek eta nagusiek %100a ematen dute.
Bukatzeko: Maiatzaren 1a da bihar: zergatik da garrantzitsua kalera ateratzea?
Kalera ateratzea sinbolikoa izan daiteke. Egunerokoa da garrantzitsua. Adiskidetasunak, batera egotea.... siglen gainetik egon beharko luke. Lehiakortasunak fustrazioa sortzen du. Langileok batera egon behar dugu, enpresariak batera dauden bezala. Bien arteko orekak egiten du funtzionatzea, eta Zikuñagan lortzen ari gara. Langileak pozik daude, agintariak ere, eta hobeto funtzionatzen du denak.