Denboraldiko azken bultzada behar du gaur Hernanik, Cisnerosen kontra. Mailari eustea dute jokoan Landaren; aldeko dute, beraien esku dagoela salbazioa, alegia, irabazi eta bonusa lortuta, Ohorezko Mailan jokatuko luketela datorren denboraldian. Beste edozein emaitza posibleren aurrean ordea, Gernika eta Pozuelok egiten dutena ere kontuan izan beharko du Hernanik. Landaren jokatuko da partidua, gaur, 17:00etan.
Genua ere, Landaren
Azken partiduetan behetik gora datorren taldea da Hernani, eta kemen hori aldeko izango dute gaur trikoloreek. Genua Landaren izango dela ere, albiste ona da. Estatuko Selekzioarekin kontzentratuta dago, joko zabaltzaile hernaniarra, baina baimena eman diote gaurko partidua jokatzeko.
Aurrean Cisneros izango dute. Titulua lortzeko play offa jokatuko du talde madrildarrak, non erabakitzeko dago ordea: gaur Landaren irabaziz gero, etxean jokatuko luke Cisnerosek; eta galduz gero, Santboianaren zelaian.
Zein dira Hernaniren aukerak?
Lehen aipatu bezala, Hernanik bere esku du salbazioa; kalkulu errazena da, irabazi eta bonusa lortzea. Bestela, Gernika eta Pozueloren emaitzak hartu beharko ditu kontuan. Hernanik bonusik gabe irabaziko balu, eta Gernikak bonusarekin irabaziko balu, Gernika salbatuko litzateke eta hernanairrek play offa jokatu beharko lukete.
Berdinketa hirukoitza balego, salbazioa alde izango luke Hernanik: 35 edo 34 puntuko berdinketa emango balitz, zuzenean salbatuko bailitzateke talde hernaniarra.
Bi talderen arteko berdinketetan aldiz, Hernani irabazten edo galtzen atera daiteke: Gernikarekin berdinduta, Hernanik egingo luke aurrera; eta Pozuelorekin berdinduta, atzetik geratuko litzateke.
Bestalde, Pozuelok galdu egiten badu, Hernanik ezingo luke zuzenean jaitsi; ezta Gernika esku hutsik bueltatuko balitz ere. Hortaz, nahikoa lukete trikoloreek, Pozueloren porrota, eta Gernikaren puntu berdinak lortzea.
Gernikak eta Pozuelok helegita jarri dute
Altamiran Ordizia eta Hernaniren arteko partidua jokatu zen joan den asteburuan eta trikoloreak nagusitu ziren 29-46. Hernanik aldaketa bat gaizki egin zuela salatu dute Gernikak eta Pozuelok, eta Diziplina Batzordera jo dute. Hernanik alegazioa aurkeztu duela azaldu dio Kronikari Juan Rodriguezek, klubeko presidenteak: «aldaketa hori partidua bukatzeko bi minuturen faltan egin zen, eta Hernani 22-46 zijoan aurretik. Leonet sartu zen zelaira, Anartz Elosegiren ordez, azken honek odol jarioa baitzuen. Minutuari eta markagailuari begiratuz gero, argi geratzen da Hernanik ez zuela aldaketa egin zerbait lortzearren. Gainera, bi minutu horietan egin zuen Ordiziak azken entsaioa. Arbitroa da partiduko autoritatea, eta momentuan ez zuen abisurik eman; eta hori bakarrik ez, ez zuen aktan jaso ere egin».
Denboraldi honetan antzeko aurrekari bat badagoela dio Rodriguezek. Ohorezko B mailan jokatzen duen talde bati gertatu zitzaion antzekoa denboraldi honetan, eta ez zuen zigorrik jaso; besteak beste, komiteak esan zuen ez zela helburu jakin batekin egindako aldaketa izan, hau da, aldaketa horrek ez zuela emaitzan eraginik izan; errore bat izan zela, hain zuzen.
Erantzuna, asteazken-ostegunerako
Gernikak eta Pozuelok egindako salaketa eta Hernaniren alegazioa aztertu beharko ditu orain komiteak. Asteazkenean bertan bilduko dira, eta emaitza iluntzean edo ostegun goizean jakitea espero da.
Zaleen babesa, inoiz baino gehiago
Hernaniren helburua orain, gaurko partidua irabaztea da, buru belarri horretan zentratzea. Eta herritarren babesa behar beharrezkoa izango dute, beste behin. Horregatik dei egin diete herritarrei, Landarera gerturatu eta Hernaniri azken bultzada ematera.
SAILKAPENA
10. Hernani 33 puntu
11. Gernika 33 puntu
12. Pozuelo 30 puntu
AZKEN JARDUNALDIA
Hernani-Cisneros
Gaur, 17:00, Hernanin
Bathco-Gernika
Bihar, 12:30, Santanderren
Pozuelo-Ordizia
Bihar, 12:30, Madrilen