San Marko Mankomunitateak, Ecoembesek eta Ecovidriok, Birziklabirintoa, izan zaitez gure taldekidea ekintza jarri dute martxan maiatzaren 4ra arte. Birziklabirintoa laberinto bitxia da, eta Donostiako Easo plazan kokatu dute. Bertatik pasatzen den «jendearen arreta deitzeko elementu ikusgarri asko ditu», antolatzaileek prentsa-ohar baten bitartez azaldu dutenez.
Trebatzea, helburu
Oharrean diote, kanpainaren helburua dela: «San Marko Mankomunitatea osatzen duten 10 udalerrietako (Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil) bizilagunak birziklapenaren eta ingurumen zainketaren inguruko kontzeptuetan trebetasuna hartzea, zalantzak argitzea eta ezagutza zabaltzea».
Ordutegi zabala
Laberintoa jada irekita dago aurreko astetik, eta astean zehar eta asteburutan bisitatu ahal izango da, ordutegi zabalarekin: lanegunetan, 10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara; eta asteburuetan, 10:30etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara.
Bisita berezia, astelehenean
Kanpaina honek laguntza berezia izan du, Gipuzkoako Bera Bera eskubaloi taldeko kideena, hain zuzen. Eta horregatik, astelehenean egongo dira laberintoan 18:00etatik aurrera.