Maiatzaren 1a datorrela eta, urteroko festa antolatu du Goiz Eguzki jubilatuen elkarteak; larunbatean 19:30etan Goiz Eguzkin, bi abesbatzen kontzertua izango da, eta igandean, festa.
Zazpina abesti
Larunbateko kontzertuan, Hondarribiako Kasino Zaharra izango da gonbidatua. Abesbatza honek 25 urte daramazki lanean, eta Juncal Gastonen zuzendaritzapean, zazpi abesti kantatuko ditu: Salvadorren heriotzean, Festara, Mandela, Lau teilatu, Las mañanitas, Suite veraniega eta Porrusalda.
Goiz Eguzki abesbatzak ere, beste zazpi kantu abestuko ditu: Agur zaharra, Zorongo, Alma llanera, Itsasoa, Mariñelak, A ti eta Maite.
Festa nagusia, Langileen Nazioarteko Egunean
Igandean egingo da festa haundia, Goiz Eguzkin. Goizeko 11:00etan hasita, udaberriko torneoetako sariak banatuko zaizkie txapeldunei eta azpitxapeldunei. Era berean, bazkideek hainbat tailerretan egindako lanen erakusketa jarriko da. Segidan, luntxa egingo dute.
Bestalde, festa igandearekin tokatu denez, hildako bazkideen omenezko meza egingo da, 12:00etan San Joan Bataiatzailea elizan.