2016ko aurrekontuen kreditu aldaketa, onartuta

Kronika - Erredakzioa 2016ko api. 28a, 02:00

Herenegun bildu zen ohiko Plenoa eta aurreikusitako hogei puntuetatik hamazazpi landu zituen. Besteak beste, onartu ziren: 2015eko aurre­kontuaren likidazioak eta 2016koaren kreditu aldaketak, San Markoko aurrekontuei helegitea aurkeztea, eta hain­bat mozio.

Likidazioak eta kreditu aldaketak, aho batez
2015eko aurrekontuen liki­dazioa eta 2016ko aurrekon­tuetan kreditu aldaketak izan zi­ren onartu ziren aurreneko puntuak. Isa Sanchez ogasun zine­gotziak azaldu zuenez, «2015eko likidazioak positi­boak izan dira hiru erakun­deetan: Udalean, Ereñotzuko Au­zo Udalean, baita Osasun eta Ongintza Patronatuan ere». 
Hori kontuan hartuta, «2015­­ean exekutatu gabe gera­tutako espediente batzuk, 2016­ko aurrekontuetan txer­tatu di­ra». Udalak aurreko astean azal­du zuen bezala, iazko gera­kinetik  2.537.000 euro 2016ko aurrekontuari gehituko zaiz­kio. 2015garren urteko likida­zioak eta kreditu aldaketak, aho batez onartu zituzten Udal talde guztien botoekin.

Tarifa berriei, helegitea
Gipuzkoako Hondakinen Kon­tsor­zioak ezarritako tarifa berriei helegitea jartzea erabaki du Udalak EH Bildu eta Orain Hernaniren aldeko botoarekin, eta EAJ eta PSE-EEren kontrako botoarekin. Mattin Aldaia ingurumeneko zinegotziak azaldu zuen hele­gitea aurkeztearen arra­zoia: «Tarifak igotzeko ez dago justifikaziorik; ondoen egiten dugun herrioi penalizatu egi­ten digute».

San Markoko aurrekontuei, ere bai
Ildo beretik, San Markoren 2015 eta 2016ko aurrekontuei helegitea aurkez­tuko die Uda­lak. Aldaia zinegotziak esan zuenez, 2014ko sententziaren arabera aurkeztuko dira beste bi hauek. Kasu honetan, erre­kurtsoa aurkeztearen alde egin zuten EH Bilduk eta Orain Hernanik, kontra PSE-EEk eta EAJ abstenitu egin zen. 

Osasun eta Ongintza Patronatuak, izen eta logo aldaketa
Patronatuko batzordeak onar­tu ondoren, Osasun eta On­gintza Patronatuaren izen eta logo aldaketa aho batez onartu zuen herenegun. Hemendik aurrera, beraz, Udalaren logo bera izango du Patronatuak, eta izen berria hartuko du: Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialak. Xabi Ler­txundi Patronatuko lehenda­kariak azaldu zuenez, aldaketa hau egin da «logoak Udala­rekin lotura izateko eta izena luzeegia zelako».

Hiru mozio, aho batez onartuta
Sortzen Elkarteko Bego Bito­rikak irakurri zuen aho batez onartutako aurreneko mozioa. Bertan Udalari eska­tzen dio Maiatzak 22an Herna­nin egingo duen festa­ren berri ematea herritarrei, egitaraua osa­tzen eta zabal­tzen lagun­tzea, eta egunaren antola­ketatik eratorritako gas­tu­etan laguntzea.
Orain Hernaniren beste bi mozio onartu zituzten beste udal talde guztien aldeko botoekin. Bata, Mozal Legearen aurka. Bertan eskatzen zaio «Espainiako Gobernuari legea indargabetzea». Izan ere, Jaione Aristregi Orain Herna­niko bozeramaileak azaldu zuenez: «lege hau bidegabekoa da eta ez da beharrezkoa». Era berean, Inhar Olano EH Bildu­ren izenean, Lege honen era­gina jada jasaten ari direnei «gure elkartasuna adierazi» nahi izan zien.
Orain Hernaniren bigarren mozioak ere, «Autokon­tsu­mo­aren Errege Dekretua bertan behera uztea» eskatzen zue­nak, udal ordezkari guztien babesa jaso zuen.

Beste bi mozioek, tirabirak
Beste bi mozio aurkeztu ziren herenegungo Plenoan. Energia pobreziaren aurrean neurriak hartzea eskatzen duen PSE-EEk aurkeztutako mozioa puntuz puntu bozkatu behar izan zuten. Horrela, aurreneko eta laugarren puntuak aho batez onartu ziren; baina   bigarrena eta hirugarrena ez. Gurutze Gorriarekin izan behar den elkarlanarekin izan ziren tirabira haundienak, eta horren aurrean, Orain Hernaniko David Guiradok PSE-EEri eskua luzatu zion lanean hasi eta «mozio bateratua egiteko».
EH Bilduk aurkeztutako Murrizketa sozialik eta jarrera xenofoborik ez mozioa ere onartu zen. Baina, eztabaida sakona ekarri zuen. Andoni Amonarraiz EAJ bozera­maile­aren hitzetan: «denak gaude mozioaren izenburuaren al­de». Baina, edukiarekin ez zu­ten denek bat egiten. Bertan eskatzen zion Aldundiari: «DBL (Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza) bertan behera ez uztea», eta «argudio xeno­fo­boak bere diskurtsotik desa­gertarazteko».

Gobernua, eskaerak aztertzen
Orain Hernaniren bost eska­era, EAJren bat eta PSE-EEren beste bat jaso dituztela onartu zuen Alkateak, baina dagoz­kion txostenak eta azterketak egiten ari direla eta horren berri izatean, jakina­raziko zaiela esan zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!