Ez ohiko Plenoa bildu zen astelehenean, bederatzi puntu lantzeko. Tartean, 2016ko aurrekontuari behin betiko onarpena eman zitzaion, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin; PSE-EEko ordezkaria ez zen bertan izan.
Aurrekontuari behin betiko onarpena eman aurretik, ordea, EH Bilduk aurkeztutako hainbat alegazio onartu ziren. Era berean, 2015eko aurrekontuaren kitapena egin ondoren, 2016ko aurrekontuari 1.518.673,66 euroko gerakina gehitu zitzaion.
Parte-hartzerako, 88.140 euro
2016ko aurrekontua behin betiko onartu aurretik, hainbat alegazio onartu ziren. Horietako bat izan zen partehartzerako partidari gehikuntza aplikatzea, 88.140 eurora iritsi arte. EH Bildu abstenitu egin zen, Andoni Gartzia bozeramaileak azaldutakoaren arabera, «100.000 euroko aldarrikapena» egin zuelako alderdiak. 2016ko aurrekontuari behin betiko onarpena emateko ere, abstenitu egin ziren. «Aurrekontu hauek ez dira gure aurrekontuak, baina eskertzen dugu EAJk egindako ahalegina. Horregatik abstenituko gara», azaldu zuen.
Hain zuzen, ahalegin hori garbi geratu zen EH Bilduk egindako beste hainbat alegazio aho batez onartu zirenean: Anuskako urbanizaziorako 102.000 euro edota garapenerako aurrekontuaren %0,7a. Era berean, EH Bilduk azpimarratu zuen «hasieratik aurrekontuetan parte hartu» izana, eta horri esker, «partida haunditu izana kiroldegiko obrarako, Martindegi eta Perurena auzoetarako, saneamendu eta uholdeen kontrako lanetarako...».
2015eko aurrekontuaren kitapena egin ondoren, 1.518.673,66 euroko gerakina gehitu zitzaion 2016ko aurrekontuari.
Zarkumendegirako bidegorrian, aldaketak
Obra eta Zerbitzuetako batzordean aztertu ondoren, Plenora eraman zen Zarkumendegirako bidegorriaren proiektuaren aldaketa. Tramiteak iraun bitartean obra geldiaraztea adostu zen.
EH Bilduko bozeramaileak, Andoni Gartziak galdetu zuen ea aldaketa horrek eraginik izango ote zuen Aldundiak eta Udalak ordaindu beharreko proportzioetan, eta Jesus Mari Santos alkateak azaldu zion hitzarmenean jaso bezala, ehunekoak mantenduko zirela.
8 etxebizitza eskuratzean, kiroldegiko obran eta garbiketa zerbitzuan, ados
Bestalde, azaldu zen Aiotzategin 8 etxebizitza eskuratu dituela Udalak, doan; BEZa bakarrik ordaindu beharko du. «Beharra dagoelako», alokairu sozialerako «pleguak ahalik eta azkarren ateratzea» eskatu zuen EH Bilduk.
Bestalde, aho batez onartu zen, baita ere, kiroldegiko obraren bigarren zatirako 546.734,29 euroko kontratazio espedientea.
Azkenik, ados azaldu ziren denak Udal eraikinen garbiketa-zerbitzua esleitzeko kontratazio espedientearekin. EH Bildutik Andoni Gartziak azaldu zuen «hitzarmen kolektiboak zehazten duena baino %7 gehiago irabazten» dutela langileek, eta proposatu zuen etorkizunean hori kontuan hartzeko.
Zalantzak eta eztabaida, galdeketaren bueltan
Azkenik, Jesus Mari Santos alkateak azaldu zuen Interreg Sudoe programaren bueltan Europatik dirulaguntza jasotzeko aukera zegoela «uholdeen kontra egiteko», Udalak 3 urterako konpromisoa hartzen bazuen. EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu zen, Andoni Gartziaren ustez, «alerta sistema aplikatzeko» softwarea garatzeko dirulaguntza delako, eta «ez dielako Astigarragak dituen beharrei erantzuten».
Bukatzeko, eztabaida sortu zen galdeketaren eta Garbitaniaren langileen etorkizunaren inguruan. Gainera, EH Bilduk EAJri leporatu zion prentsan eginiko kritika, eta EAJk EH Bilduri leporatu zion «manipulazioa» egin izana, eta «bosgarren edukiontzia, erraustegiarekin lotu izana».
A3, Eternal Running eta bestelakoen inguruan ere galdetu zuen Gartziak, eta informazio jaso ahala argituko dituela azaldu zuen EAJk.