Aurten ere, aldi baterako egonaldiak eskainiko dituzte egoitzetan, udan, mendekotasuna duten adinekoentzat. Eta dagoeneko zabaldu du eskaera epea Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Zerbitzu honekin, egoitza batean bizitzeko aukera ematen zaie, normalean etxean bizi diren adinekoei.
Hernanin, plazarik ez dago Santa Maria Magdalena egoitzan. Baina hernaniarrek aukera daukate, inguruko egoitzetara joateko.
Eskaerak, gizarte zerbitzuetan
Uztailerako, abuzturako edo irailerako eskatu daitezke egonaldiak, eta markatu dituzte aurkezteko epemugak: uztaileko egonaldietarako, maiatzaren 13a baino lehen egin beharko da eskaera; abuzturako, maiatzaren 31 izango da azken eguna; eta irailerako, ekainaren 10era arte dago epea.
Hernaniko gizarte zerbitzuetan aurkeztu behar dira eskaerak, gizarte langileekin hitzordua hartuta aurrez.
Eskaera egiterako orduan, honako dokumentazioa aurkeztu behar da: eredu ofizialeko eskaera orria, eskatzailearen NANaren fotokopia, eskatzailearen eta familia-unitatearen diru sarreren egiaztagiria, eta medikuaren txosten eguneratua (diagnostikoa eta tratamenduak barne).
Adinekoek etxean bizitzen jarraitzeko, bitartekoak
Egonaldien helburu nagusiak, hiru dira: adinekoek etxean bizitzen jarrai dezaten bitartekoak jartzea, zaintzaileei atseden hartzeko aukera ematea, eta zaintzaileek une jakin batean ezin dutenean, adineko pertsona zaintzea.