Lanerako prest zijoan Hernani Ordiziara, eta ezin bikainago egin zuen dena Altamiran. Derbia irabazi bakarrik ez, erasoko bonusa ere ekarri zuten trikoloreek, Ordizia egurtuta (29-46), eta gertuago daukate salbazioa.
Izan ere, gaur Gernikak punturik lortzen ez badu, eta Pozuelok galdu, Ohorezko Mailan jarraituko du Hernanik ia ziur, datorren denboraldian.
Hasiera oso indartsua eta akatsik gabekoa, Hernanik
Oso indartsu hasi zuen partidua Hernanik, eta min haundia egin zuen kontraerasoetan. Bereziki asmatu zuen ostikoekin, eta aurrelariak bikain aritu ziren, nagusi izanda momentu askotan.
Ordu erdia betetzerako, bi entsegu eta bi zigor kolpe lortu zituzten trikoloreek (3-20). Gero, baretu egin ziren pixka bat, baina akatsik ez zuten egin. Atsedenaldia gertu zela lortu zuen aurreneko entsegua Ordiziak (8-20).
Beste entsegu batekin ekin zion bigarren zatiari Hernanik, eta Ordiziak lortutakoei, entsegu gehiagorekin erantzun zien; sei egin zituen guztira.
Ordiziak, azken minutuan ziurtatu zuen bere salbazioa, erasoko bonusa lortuta (29-46).
Atzoko garaipenarekin, Gipuzkoako Errugbi Kopa ere irabazi zuen Hernanik.
Errugbi inklusiboa, Landaren
Gaurkoan, berriz, errugbi inklusiboko topaketa bat izango da Landaren, 10:00etan. Beste topaketa bat izango da maiatzean, eta asmoa da, 14 urtetik gorakoekin talde bat osatzea, ezintasunen bat duten jokalariek eta ez dutenek, gero elkarteko taldeetan sartzeko.