Atsolorra zer zen galdetuz gero, garai batean ezagutu zuten emakumeei, zera erantzuten dute: merienda zela, festa zela, etxetik ateratzeko aitzakia zela... Diotenez, desiatzen egoten ziren emakumeak, Atsolorra noiz izango. Amak, haurra bataiatu eta elizan sartu ondoren, merienda ematen zien igande arratsalde batean, bisitan joaten zitzaizkion auzotarrei, emakumeak ia beti. Otordu berezia ematen zien etxeko andreak, kontu-kontari aritzen ziren, umore ederrean jeneralean, eta hurrengo Atsolorra noiz tokatuko zain etxeratzen ziren.
Igandean, Atsolorra
Haurra jaio, hura bataiatu eta ama elizan sartu ondoren, ohitura zen auzokoen artean amari eta haurrari bisita egitea. Igande arratsaldean izaten zen hitzordua beti, eta inguruko emakumeak, bisitakoak, pozik arrimatzen ziren etxe hartara, bapo jan eta bertakoekin eta auzokoekin tertulian aritzera. Ahoz aho zabaltzen zen, askotan aurreko Atsolorrean bertan, hurrengoa noiz izango zen.
Kategoriko otordua
Arratsalde partean hasten ziren iristen emakumeak, laurak edo bostak aldera, handik eta hemendik, eta iritsi ahala, kasu egin eta mahaian eseritzen ziren. Ez zuten nolanahiko otordua egiten. Jeneralean, etxe guztietan otordu beretsua ematen zuten: gisatua eta xerra piper morroekin. Gozotik ere ez zen faltatzen, arrozesnea gehienetan. Edateko ere ez zen faltan izaten: sagardoa, pitarra, edota ardoa. Eta jakina, kafea, askotan ttanttarekin...
Zenbaitetan, bisitariek jatekoak eramaten zituzten, baina askotan, Ereñotzun behinik behin, dirua ematen zitzaion ama erditu berriari, meriendako eta jaio berriaren gastuetarako.
Atsolorra festa zen, merienda zen, etxetik ateratzeko eta lagunekin egoteko aitzakia zen orduko emakumeentzat.
Kontu-kontari
Zirenak eta ez zirenak irentsi eta gero, tertulia izaten zen. Batzuk jokoan ari ziren bitartean, besteak ttor-ttor aritzen ziren, hango eta hemengo kontuak berritzen: etxeko kontuak zirela, auzoko kontuak zirela, txantxak eta berdekeriaren bat edo beste ere bai, noiz edo noiz... Halako baserriko neska gazteari ‘suge-gorriak heldu ziola’ eta ahopeka, barre txikien artean, laster Atsolorra izango zela etxe hartan ere... Barreak izaten ziren askotan, eta algarak ere bai batzu-batzuetan.
Etxerako bidea kuadrilan
Gaur baserri honetan eta hurrengoan hartan ibiltzen ziren emakumeak, denek ongi ezagutzen zuten auzoan barrena. Hori dela eta, askotan elkarrekin egiten zuten joaneko bidea eta zer esanik ez, bueltakoa, farolarik eta hainbeste kotxerik ez zegoen garai hartan. Elkarren arrimoan egiten zuten etxerako bidea eta zenbaitetan algara, buila eta uju ederrak sumatzen omen ziren ilunpetan baserri bideetan.
Halako baserriko neska gazteari ‘suge-gorriak heldu ziola’ eta, baserri hartan laster Atsolorra izango zela esan zion batak besteari, barre txikien artean.
Barre franko
Desiatzen egoten omen ziren emakumeak hurrengo Atsolorra non eta noiz izango. Etxetik ateratzeaz gain, auzokoekin egoteko eta ongi pasatzeko aukera izaten zuten. Auzotar askok gogoratzen dituzte, ongi gogoratu ere, bilera haietako makina bat pasadizo, norberari edo ondokoari gertatutakoak: neska koskorra izanda, mahai erdian jarritako bandejara iristeko gauza ez zela, nola eman zioten edateko ondoko emakumeek, ‘eantzan’ esanez, eta etxeko bidea nola egin zuen tximistak ikusten zituela, zurrutaren eraginez.
Edo beste hura, baserrira iritsi eta atariko eskailera buruan zegoen seaska ikusi orduko ‘bai aitaren iguala’ esaten hasi zena, artean haurra sukaldean zegoela konturatu gabe.
Festa guztietan saltsa jartzen ibiltzen ziren emakumeak ere baziren, eta Fagollaga aldeko batzuen pasadizoak, behinik behin, gogoan dituzte oraindik auzotarrek: harako hura gurdi gainean gona altxata ibili zenekoa; koinaka lagun, balantzaka-balantzaka ibili zenekoa; edo gonak altxata, elurretan eseri eta marka utzi zuenekoa... Jendeak umorez gogoratzen ditu emakume ausart haien pasadizoak.
Bisitakoak ziren familiarekin, baserriarekin, nolabaiteko konpromisoa zuten auzokoak. Harreman hori zela eta, bisita eman eta jasotzen zen norbait jaio, gaixotu edo hiltzen zenean.
Bisitakoa izan
Zenbait etxetan bisita haundia izaten zen; batzuetan hogei bat lagun bilduko ziren; beste batzuetan, akaso berrogei; eta baten batean, Txilibita baserrian, esate baterako, hirurogeitik gora lagun biltzen ziren meriendatzera.
Jeneralean auzoko baserri guztietako norbait joaten zen Atsolorrera. Bazen, ordea, auzokoen artean konpromiso haundiagoa sortzen zuen kontua; bisitakoa izatea, alegia. Bisitakoak ziren familiarekin, baserriarekin, nolabaiteko joan-etorriko konpromisoa, hartu-eman sendoxeagoa, zuten auzokoak. Harreman hori medio, bisita eman eta jasotzen zen norbait jaio, gaixotu edo hiltzen zenean. Familia horien bizitzako zenbait une garrantzitsutan, erlazio horrek gutxienez bisitan joatea eskatzen zuen, besteak beste, norbait jaiotzen zenean, Atsolorrera alegia, norbait gaixotzen zenean, edota norbait hiltzen zenean. Atsolorrean bezalaxe, norbait hiltzen zenean ere, ohitura haundia zegoen dirua ematekoa, meza-dirua esaten zitzaiona, eta oraindik ere askok eusten diote ohitura horri.
Aurrena, bataioa
Jaio eta lehenbailehen bataiatu behar izaten zen jaioberria. Garai hartan, haur jaioberrien heriotza tasa oso altua zen, eta komeni zen lehenbailehen bataiatzea; bestela, hilez gero, ezin zitekeen bataiatu gabeko haurtxoa lur-santuan lurperatu. Gauzak horrela, ama ez bazen bizkortu, familiako edo auzoko batek haurra hartu eta bataiatzera eramango zuen, jaio eta egun gutxitara.
Ondoren Elizan Sartzea
Hurrengo pausua, behin bizkortuta, ama Elizara joatea zen. Garai bateko sinismenen arabera, haurra izandako amak, elizara hurbiltzen zen lehendabiziko txandan, errito berezia egin behar izaten zuen, Elizan Sartzea izenekoa. Elizan sartu aurretik, apaizak halako errezu eta bedeinkazioak egiten zizkion, eta ordutik aurrera lasai sar zitekeen. Elizan sartzea ez zen, ordea, bedeinkatu bitarte zuen debeku bakarra; izan ere, ez hain aspaldiko usteen arabera, emakumeek ezin zuten etxetik atera, inora, Elizan Sartzea egin gabe.
Gauzak horrela, emakumeak saiatzen ziren etxetik ez ateratzen. Deskuido batean, atera behar izanez gero, baratzara edo egur bila, konparazio batera, etxe inguruan ibili behar izaten zuten, eta urrutixeago joan behar izanez gero, buru gainean teila jarrita atera behar izaten zuten. Teilak etxearen babesa irudikatzen zuen, eta hura buruan jarrita etxe inguruan ibil zitezkeen. Gaur egungo Ereñotzuko adineko emakumeak ez ziren horrela ibili, baina entzun, entzun izan diete aurrekoei, eta baten batek ikusi ere bai.
Auzoko emakume batek gogoan du haurra izan eta leihoan pardela zabaltzen ari zela nola hartu zion kargu amaginarrebak: oraindik Elizan sartu gabea zela eta ezin zuela horrela ibili, eta zapia nola eman zion burua estaltzeko.
Antzinako jaiotza erritoa
Behin horiek egin eta gero, amak libre zuen etxean Atsolorra ematea. Aurrekoetan ez bezala, honetan elizak ez zuen zerikusirik. Horregatik, hain zuzen ere, aditu batzuen ustez, Atsolorra antzinako gizarte eta bizimoduaren arrastoa da, kristautasuna Euskal Herrira iritsi baino askoz lehenagokoa.
Antropologian Doktorea den Mari Carmen Basterretxea buru-belarri dabil antzina euskal emakumeak gizartean zuen garrantzia ikertzen eta azpimarratzen, eta berak dioenez, Atsolorra da euskaldunon berezko jaiotze erritoa.
Atsoak eta lorrak
‘Atsolorra’ hitzaren esanahiak zalantza handiak sortzen ditu. Alde batetik, ‘Atso’ hitzak adiera bat baino gehiago ditu: batetik, ‘emakume zaharra’; bestetik, ezkonduta egon eta umerik izan ezin duena, antzua, alegia; eta bestetik, ‘emakumea’, besterik gabe, aspaldian gizon askok beren emazteaz hitz egiteko erabiltzen zuten bezala. Atsolorrak emakumeen bilera esan nahi du.
Beste alde batetik, ‘Lorra’ hitzak ere hainbat adiera ditu; ezagunena, arrastaka eramatea, garai batean basoan enborrak ateratzen ziren bezalaxe. Bada, ordea, beste lorra mota bat, antzina auzoek elkarri laguntzeko egiten zutena, esate baterako, simaur-lorra, bildots-lorra, hilorra... Inor zerbaitekin behartzen zenean, auzoak behar zuen hori eskaintzeko konpromisoa hartzen zuten. Euskal Herrian oso erabilia zen ‘lorra’ hitza, auzokoen artean sortutako konpromiso horri buruz aritzeko. Honelakoa da Atsolorra, alegia, auzoko emakumeek auzoarekiko zuten konpromisoa, bisita eman beharra.
Atsolorretara biltzen ziren emakume guztiak ez ziren zaharrak, jeneralean etxeko zaharrenak joaten baziren ere; are gutxiago antzuak. Horrenbestez, Atsolorra emakumeen bisita besterik ez litzateke izango.
Auzoari lagundu
Emakumeen elkartasun adierazpena zen, beraz, Atsolorra. Haurra jaiotakoan auzoko emakumeak amari eta haurrari babesa eta laguntza adierazteko modua.
Horregatik, Atsolorra eta Bisita ez dira ekintza isolatuak, baizik eta garai bateko elkartasunezko bizimoduaren adierazgarriak. Auzokoek elkarri gehiago laguntzen zioten garai haien adirazpena. Ezaguna da Euskal Herrian auzolanak izan duen garrantzia eta horren arrastoa da Atsolorra bera.
«Guk bisita haundiya gendun»
Txilibitako IÑAXI OIARBIDE:
«SEITTUN enteratzen zian, bai, bai… Holako tokitan jaio omen da eta atsolorra izango ñau laster. Tokatu izandu da Larrainera joan, nik aittu izan diot amari: ‘Ba, datorren igandean halako tokitan’e ba omen da’. ‘Jo!’ nik esaten nuen; hura atsolorrera joaten bazen, ba, nik ume-kontu geatu behar izaten nuen eta esaten nuen: ‘Adios, oain’e beste jai bat gutxiyo’. Baiño bea kontentu juten zan da… Urtian asko izaten zian haurrak. Oain bat inda gelditzen dia, miño orduan lau edo bost edozeinek izaten zittun, eta hainbeste bixitako… Guk bisita handiya gendun.»
TXILIBITAKO MARITXU OIARBIDE:
«nik aurrenekua residentziyan izandu nun eta etxea etorri nintzan eta hurrengo egunean, umean pixa-oihala zabaltzea atera nintzan, eta seittuan esan zian ne amagiñarrebak: ‘Maria, zu oraindikan ez zea elizan sartu ta zertako atea zea?’ Eta seittuan pañulu bat eman zian, burua tapatzeko. Eta ordun esan niyon amagiñarrebai: ‘Ez dela kanpoa atera behar? eta atzo nondik etorri nintzan ba?’»
Denbora batin teila jartzen omen zuten… Gure amak, nei esan izandu nau, orduan teila jarrita ateatzen ziala…»
«Ni Iñaxiren Atsolorrean izan nintzen»
SARATSAINGO IÑAXI ALTUNA:
«zein etortzen zen Asolorrea? Bixita zuen guziyak. Gure itxian, behintzat, hasi hau hazi zan etxetikan, Goñitinia, Bostxuluenia, geo Pardiola, Joxepenia, geo Perrapa, eta hoik denak. Usategita ta Txabola’re bai ta… ta geo Fagollagakuk’e bai, ta Iñatzukuk’e denak ta… Ta Errota, Epeletikan’e bai…
Gure itxian oaindikan amak atsolorra emateko ibiltzen zun kazuela nik bakat paretako armayuan jasua… Alleka bateko kirtena puskatuta daka... Ontziya batea eta bestea ibiltzen zan… Gue kazula makina bat tokitan izandua da.»
TXOKOLATENEKO MANOLI ORMAETXEA:
«Ni behin jun nintzan honen etxea, Atsolorrea, neska koxkorra nintzela, hamar bat urte nittula,
ta zea izango zan, Iñaxiren Atsolorra edo, guk hamar urteko aldea baitugu; seguraski berea izango zen, bai. Amonakin joan
nintzan…
Ni neskakozkorra ta! Bai, hamar urte nik eta... Oioioioioi… Ni harrittuta hain karraxiyak, hain irrintzik eta… batek puzkerra bota zula… oioioioi… izugarrizko broma pasatzen zuen, nei… geatu zitzaiten, miño ‘grabatuta’ nola esatea?»