Auzo konpostaren inguruko formazio saio jaso zuten aranoarrek joan den asteko ostiralean. Elkarteko zuzendaritzako kideak, Kontsejukoak eta herritar batzuk gerturatu ziren Joseba Sanchezek, Luar enpresako kideak, emandako azalpenak entzutera.
Udaletik jakinarazi dutenez, etzi, astelehen arratsaldean, saio berri bat izanen da. Joseba Sanchez Aranon izanen da berriz ere, konposta nola egin behar den konpost gunean bertan erakusteko asmoz. Alde praktikoa izanen da nagusi, etziko saioan: organikoa botako du eta eguneko hiru kajak nola kudeatu behar diren erakutsiko du. 18:00etan herritarrak daude deituta; 18:30ak inguruan Kontsejukoak; eta 19:00etan, soziedadekoak.
Handik aurrera, erabiltzaileak libre
Asteleheneko saioaren ostean, erabiltzaileak izango dira, libre, konpost gunea erabili ahal izanen dutenak. Udaletik azaldu dutenez, momentuz giltza jarriko da: «giltza jarriko da eta Kontsejukoek bat beraientzat izanen dute. Beste biak, erabiltzen hastean eta nolako martxa daraman ikustean zehaztuko dira: zabor kopurua zenbatekoa den, erabilera egokia den...».