Atzo inauguratu zuten, Hernaniko kiroldegiko frontoiaren barruan, frontoi txiki berri bat. «Auzolanean egin dugu, pelotari, guraso eta lagunek. Urtebete luzeko lan gogorra izan da, baina oso ederra da emaitza», azaldu zuen Garbiñe Tijerok, inaugurazioan. Miguel Ezpeleta pelotari ohiak moztu zuen zinta, aurreskuaren ondoren, eta berak eman zuen aurreneko pelotakada ere.
Pelota eskolarako eta beroketak egiteko erabiliko dute: «oso ona da lau pareta edukitzea; trinketerik ez daukagunez, errebotean trebatzeko txikitatik».
Esti Aldeiturriaga zinegotziak, berriz, egindako lana eskertu zien Udalaren izenean: «eredu bat da, horrelako talde bat osatzea lanerako. Orain, gozatu!».