Goizuetan gasolindegia jartzeko prozesua hasi zuen duela hilabete batzuk herritar talde batek, eta gaiarekin jarraitzeko, bigarren batzarra deitu dute gaurko. Eskolako jangelan izanen da, goizeko 11:00etan hasita, eta herritarrei dei egiten diete bertaratzeko.
Inkesten emaitzak eta kooperatiba sortzeko lehenbiziko urratsak
Herritarren artean inkestak egin ondoren deitu dute antolatzaileek bigarren batzarra. Eta horien emaitzak aztertuko dituzte bertan, baita kooperatiba sortzeko emanen diren lehenbiziko urratsak ere.
Gasolindegiaren inguruko zenbait zalantza eta galdera
Inkestak bilduta, zenbait zalantza eta galdera sortu dira: kokapenaren inguruan, Asinkon edo San Antongo belasoan egitea; kontu ekonomikoen artean, besteak beste gasolindegiaren kostua, kooperatibako kideen kuota, bazkideen onurak eta betebeharrak; eta bestelakoak, hala nola gasolindegia ezinduentzat prestatua jartzea.